argia.eus
INPRIMATU
Ustelkeriagatik zigortutako de Miguel jelkide ohiak Jaurlaritzaren ordezkari gisa hartu du parte ekimen instituzionaletan
  • Araba Buru Batzarreko kide ohi Alfredo de Miguel Itsas Garapen Elkartearen ordezkari aritu da bidaia instituzionaletan edo Espainiako Ministerioarekin izandako bileretan. 2019an Arabako Auzitegi Nagusiak hamahiru urteko espetxe zigorra ezarri ostean eman diote ardura hori.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2023ko urtarrilaren 03a

El Diario-k argitaratutako informazioaren arabera Alfredo de Miguel, Arabako EAJko buruzagi ohia, ardura berriak hartu ditu administrazio publikoan, 2019ko abenduan epaitegiek ustelkeriatik zigortu eta gero. Hedabidearen arabera De Miguel Itsas Garapen Elkartearen gerente gisa ari da lanean, eta Europar Batasuneko dokumentazioan elkarteko “manager” bezala agertzen da. Espainiako Estatuan antzeko tokiko elkarte gehiago daude kostaldea duten erkidegoetan. Erakundearen ordezkari gisa De Miguelek parte hartu du bidaia ofizialetan, lurralde arteko topaketetan edo Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren bileretan. Hitzaldiak eman ditu, eta sariak jaso.

Itsas Garapen Elkartea Flag, bere webgunean azaltzen duenez, “Arrantza eta Akuikultura Sektoreko Toki Ekintzako Taldea” da, eta hainbat elkartek osatuta dago: Bizkaiko eta Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradia, Hazi Fundazioa, Bizkaiko Kontserbetako eta Gazitzeetako elkartea, Gipuzkoako Arrain Kontserba Fabrikatzaileen Elkartea, Euskadiko Arrain Komertzializatzaileen Federazioa, Ondarroako Itsas Zabaleko Arrantzako Produktoreen Organizazioa eta Itsasoko Emakume Langileen Federazioa.

Alfredo de Miguel, ezkerrean maskara jantzita, Expomarreko ordezkari galiziarrek 2021ean Euskadira egindako bisitan. Argazkia: eldiario.es

Jaurlaritza: “Ezin da ezer egin”

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak informazioa baieztatu du astearte goizean, El Correo-k argitaratu duenez. Vocento taldeko hedabideak “Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile ofizial baten” hitzak jaso ditu, zeinaren arabera De Miguelek “funtzio batzuk ditu [administrazio publikoan] eta betetzen ditu”.

De Miguel 2010eko martxoan atxilotu zuen Poliziak Arabako EAJko beste bi buruzagirekin batera. Vital Kutxan eta Arabako Aldundian zituen kargu publikoak galdu zituen orduan. Administrazio publikoan bi plaza zituen De Miguelek eta eszedentzian zegoen, baina 2010eko apirilean horietako batera bueltatu zen, IKT sozietate publikoan, egun Hazi izena duena. Hazik euskal kostaldeko produktuen promozioa egiten du, eta Itsas Garapen Elkartea Flag osatzen duten elkarteetako bat da. El Correo-rekin hitz egin duen Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, “ezin da ezer egin” De Miguelen egoera aldatzeko edo bere arduretatik kentzeko: “Ezin duzu erabakirik hartu legez ezin delako ezer egin epai irmoa egon arte”.

Arabako Auzitegi Nagusiak 13 urteko espetxe zigorra ezarri zion De Migueli 2019ko abenduan, ustelkeria sare baten buru bezala, baina berak eta beste kondenatu batzuek helegitea aurkeztu zuten, eta hiru urteren ondoren Espainiako Epaitegi Gorenak ez du epairik eman oraindik. Hazi sozietate publikoaren 2019ko hitzarmen kolektiboak bere kideen kaleratzea ahalbidetzen zuen delitu ekonomikoengatik sei urte baino gehiagoko zigorra jasoz gero, eta, El Diario-n Iker Riojak emandako informazioaren arabera, ez du zehazten epaia “irmoa” izan behar duenik.

Edonola dela, ez da antzeko informazioak azaleratzen diren lehen aldia. 2020ko otsailean jakin zen ustelkeriagatik zigortutako Alfredo de Miguel eta Koldo Otxandiano burukide ohiak bi elkarte publikotan jarraitzen zutela lanean: Hazin eta Miñanoko Parke Teknologikoan hurrenez hurren. De Miguelek, gainera, hiru soldata igoera eta karguz goratze bat izan eskuratu zituen bere aurkako auzia hasiz geroztik.

Oposizioaren salaketa

Gasteizko Legebiltzarreko oposizioko talde politikoek Jaurlaritzaren eta EAJren jarrera salatu dituzte. “Urkullu Gobernua De Migueli ematen ari zaion babesa eta tratua adiskidekeriarekin eta iruzurrezko jarduerekin amaitzeko batzuek duten borondate ezaren erakusgarri argia da” adierazi du EH Bilduk, eta praktika ustelekin amaitzeko bitartekoak jartzea eskatu du. “EAJren karneta izanik dena da erraza. Ate birakariekin amaitu behar da, erakundeak aireztatu”, adierazi du Elkarrekin Podemosek. “EAJk ate birakariak eskaini dizkie diru publikoa bidegabe erabiltzen dutenei, zigortutako delitugilearen isiltasunaren truk”, PPk. Jaurlaritzan EAJrekin batera gobernatzen ari den PSEk “irmotasuna” eskatu dio EAJri De Miguelen aurka, baina “legez posible denean”.