2015eko uztailaren 1etik 2016ko irailaren 30era bitartean 28 lagun auzipetu dituzte Hego Euskal Herrian ustelkeria delituengatik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (BJKN) emandako datuen arabera.
Ustelkeria "politikoa" eta "administratiboa" ditu hizpide Botere Judizialak. Prebarikazio urbanistikoa, sobornoak, sekretuak aireratzea, fondo publikoak bidegabe erabiltzea eta influentzia-trafikoa aipatzen ditu, besteak beste. Delitugileen artean, nagusi dira funtzionario plublikoak, agintariak eta ordezkari politikoak.
Espainiako Estatuan, 1.378 auzipetu
BJKNren txostenak jasotako datuen arabera, 15 hilabete horietan 1.378 lagun auzipetu zituzten Espainiako Estatuan, gehienak (303) Katalunian. Aldiz, soilik 399 kondenatu dituzte, eta horietatik 87 izan dira espetxeratuak.
Hego Euskal Herriko 28 pertsonen kasuan, EAEn auzipetu dituzte guztiak; bakarra ere ez Nafarroan.
> Datuak kontsultatu. Datu hotzak jaso ditu Botere Judizialak mapa horretan, auzipetu eta kondenatuei buruzko informaziorik (izena, delitua, zigor mota...) eman gabe. Zigorren inguruko datu-basean informazio xehetuagoa dago, baina izen-abizenik ez da ageri hor ere.