Eldiario.es-ek argitaratutakoaren arabera, EAEko fiskaltzak larritzat jo du horren ustelkeria kasu gutxi iristea epaiketaraino. Arrazoi nagusien artean lekukoen kolaborazio falta edo ustelkeria departamentu propioa ez izatea aipatu ditu.
Fiskaltzaren 2016ko memorian jasotzen denaren arabera, lekukoek “ez dute bereziki lagundu nahi izaten” funtzionarioak direlako edo “ez dutelako irregulartasuna salatzearekin inolako abantailarik lortzen”.
“Administrazio publikoaren kontrako delitu” kategoria orokorraren barruan sartzen dira delitu hauek, ustelkeriaren kontrako unitate propiorik ez duelako. Delitu honen pean 210 kasu izan ziren 2016an: 33 Araban, 152 Bizkaian eta 33 Gipuzkoan. Instrukzio fasean nahikoa bitarteko ez dagoelako gehienak ez direla epaiketara iristen ohartarazi du fiskaltzak.
Bestetik, gisa honetako delituetan berehalako kalte ordaina egitea eskatzen du fiskaltzak. Delitugileak mota guztietako trikimailuak egiten dituzte desbideratutako dirua ez itzultzeko.