argia.eus
INPRIMATU
“Ustekabea eta haserrea” azaldu dute hainbat europarlamentarik, larri gaixo diren presoen egoera dela-eta
  • Etxerat elkarteak Bruselara egindako bisitan, GUE/NGL talde parlamentarioko kideekin eta Flandriako Parlamentuko presidentearekin izan da. Suitza eta Alemaniara joango dira datozen asteetan, euskal presoen egoeraren berri emateko.

ARGIA @argia 2017ko urtarrilaren 19a
(Argazkia: Etxerat)

Ostegunean goizean Etxerat Elkarteak Donostian emandako prentsaurrekoan berrikitan Bruselara egindako bidaian jasotako iritziak jakinarazi ditu. Azkeneko urteetan izandako harremanei segida emanez, Basque Friendship taldekideekin, hainbat europarlamentarirekin eta Flandriako Parlamentuko presidentearekin izan dira, besteak beste. Harrituta azaldu dira, larri gaixo dauden presoen egoera ez delako aldatu denbora honetan guztian.

Europarlamentariek euren "haserrea" adierazi diote Etxerati. Elkarteko bozeramaile Urtzi Errazkin eta Patricia Velezek eri dauden Ibon Fernandez Iradiren eta Jagoba Codóren senideekin batera eman dute prentsaurrekoa. Azaldu dutenez, europarlamentariek behin eta berriz galdetu diete Espainiako hedabideek zein paper jokatzen ote duten egoera hori isilarazteko unean.

Etxeratek datozen asteetan Alemania eta Suitzako eragile eta alderdiekin biltzeko asmoa du, herrialde haietan giza eskubideen defentsan inplikatuta daudenekin hitz egin nahi dute: "Jakin badakigu Europa mailako alderdi eta eragileen konpromiso eta ekintzekin ez dela nahikoa izango salbuespeneko espetxe politikarekin bukatzeko. Badakigu ere eskubideen urraketen baitan onartzen diren gomendio eta konklusioei beti uko egiten dietela bi estatuek. Baina ala ere, aurrerapausoa egin dugula argi dugu".