argia.eus
INPRIMATU
Elkarrizketa| Aritz Martinez de Luna, Alea aldizkariko zuzendaria
“Alea erreferentzialtasuna irabaziz doa”
  • Arabako gaiak lantzen dituen Alea hedabideak bost urte bete ditu urtarrilean. Urteurrena ospatzeko, erakusketa antolatu dute, 2015etik honako eduki esanguratsuenak argazkietan nabarmendurik. ARGIAk Aleako zuzendari Aritz Martinez de Lunarekin hitz egin du, bost urteen eta datozenen inguruan.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2020ko urtarrilaren 21
Aleako erredakzioa

Bost urte bete dituzue, eta nolabait Alea egonkortzea lortu duzue.

Bai, oraindik ez dakit iritsi garen nahi dugun besteraino, baina pixkanaka bagoaz tokia hartzen. Uste dut Alea gero eta ezagunagoa dela eta apurka erreferentzialtasun puntua lortzen goazela. Badakigu oraindik bide luzea daukagula egiteko, baina gutxieneko oinarria jartzea lortu dugu.

Ez da erraza euskara gutxi entzuten den lurralde batean aurrerapausoak ematea...

Egia da azken urteetan datuek gora egin dutela. Araban gazte asko alfabetatu dira euskaraz, eta orokorrean ezagutza maila ere igo da. Hori eguneroko bizimoduan nabaritzen da, baina Araban erabileran dago zulo handiena. Gasteizko erabilera antzua da irakurri nuen datu batzuen arabera, uste dut %3 inguruan dagoela. Alearen helburu nagusienetakoa da euskarazko prentsa kontsumitzeko aukera ematea. Araban izaera nazionaleko hedabideak bai, Berria, ARGIA, Egunkaria lehen… baina tokiko hedabiderik ez zegoen, eta beharrizan hori betetzeko asmoz sortu zen Alea.

Egoera zailetan ere egongo zineten.

Bai, txikikeriak izan arren, egunerokoan lana oztopatzen dizuten gauza ugari badago. Prentsa-ohar ugari gaztelera hutsean jasotzen ditugu. Batzuetan, eragilearen arabera ulergarria da, edo elkarte txiki bat baldin bada. Baina askotan izaten ditugu erakunde publikoen edo administrazioaren oharrak gaztelera hutsean. Txikikeria bat da, baina eguneroko lana baldintzatu egiten du.

Eta nola egin izan diezue aurre?

Konplexuak gainetik kenduta, badirudi itsusi geratzen dela eskean aritzea, baina horrelakoetan mezu bat bueltan bidaltzen dugu beti, esanez mesedez euskaraz bidaltzeko. Eskatu beharra dago jendea konturatu dadin betebehar hori ere baduela, eta euskaraz bidaltzeko esfortzua egin behar duela.

Zer leku du Aleak eragileen artean?

Haintzat hartzen gaituzte bertoko administrazioek, egia baita lurraldeari begiratuz, esparrua ez dela tokiko hedabide batek izan dezakeena bezain txikia. Tokatzen zaigu lehiatzea erdarazko hedabide handiekin. Txikitik begiratzen baditugu dirudi gurea ez dela inola iristen eta ez dugula ahotsik. Aldiz, errealitatea da administrazioarekin interlokuzioa daukagunean eta beraiek guk argitaratutako edukiaren balorazio bat egiten dutenean, konturatzen garela begia jartzen dutela gu zertan ari garen jakiteko, eta iradokizun asko jasotzen ditugu, bai onak, baita txarrak ere.

Urtarrilaren 17an erakusketa zabaldu zenuten. Zer ikusiko du hurbilduko den jendeak?

Lantaldean erabaki genuen ez genuela jai edo ospakizun bat egin nahi, edukia eskaini nahi genuelako. Argazki bilduma bat egin dugu. Zaila da bost urtean egin duzun guztitik aukeraketa egitea. Erabaki genuen ez jartzea Araban gertatu izan diren albiste garrantzitsuenak. Helburua izan da gure edukiak laburbiltzea guretzat esanguratsuak izan direnak jasoz, guk landutako eduki propioak izan direlako, Alearen filosofiarekin bat egiten dutelako edo dena delakoagatik.

Zer ez du egin Aleak?

Gauza asko (barreak). Eguneroko lana egitera mugatuko bagina, eta egunero gauza bera egitera, desagertuko ginateke. Hasieratik planteamendua izan da apustu handia egin behar genuela, hazten jarraitzeko erronka jarri behar diogula gure buruari eta beti gauza berriak egiten saiatu behar garela. Eta horretan dihardugu.

Non egongo da Alea bost urte barru?

Hamargarren urteurrena ospatzen (barreak). Espero dugu bost urte barru Gasteizko Kafe Antzokia eraikita egongo dela, datak ondo bidean. Beraz, bertan egon beharko ginateke. Horrek Gasteizko eta Arabako euskalgintzarentzat bultzada handia ekarriko du. Gure lanari dagokionez, espero dugu gaur egungo proiektuek erreferentzialtasun handiagoa izatea, irakurle masa handiagoa izatea eta bitartean asmatzen ditugunak aurrera eraman ahal izatea.