Lagunarteko ekimen bat izateko asmoz sortu zen jaialdia, dagoeneko maiatzeko azken asteburuko hitzordu finkoa bilakatu da. Hala, aurten bederatzigarren aldiz, maiatzaren 26an eta 27an Usopop Festibala eginen da.
Bi zifrako adinera pasatzeko bezperan, aurtengo festibalak aldaketa ttipi batzuk izanen ditu, eta bederatzi urteotan garrantzi berezia ukan duten bi lekutan iraganen da Usopop: Lizarietako lepoan eta Santa Katalina kaperan.
Larunbatean Lizarietan
Festibaleko lehendabiziko eguna Lizarietako lepoan izanen da, larunbatean, maiatzak 26. 16:30ean irekiko dituzte ateak eta hainbat talde ariko dira taula gainean: Frustration talde kultoa, Willis Drummond rock taldea rock indartsua, DBFC ren erritmo dantzagarriak, Lumi bikotearen doinu onirikoak, FranÁois eta 4 laminen magia, Bilaka konpaniaren Soka azken dantza ikusgarria eta Coconut diska jartzaileak.
Igandean Santa Katalinan
Igandeko emanaldiak 14:30ean hasiko dira eta Santa Katalina kaperan iraganen dira. Coconut DJaz gain, Gratuit taldea ere ariko da, baita Orbel laukote gaztea ere. Kataluniatik Maria Arnal i Marcel Bages artistak ere etorriko dira.
Antolatzaileen arabera, bi egunetarako balio duten sartzeak agortu dira, baina egunka balio dutenak oraindik eskuragarri dira. www.usopop.com webgunean eros daitezke.
Albiste hau Erranek argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.