Burgin ospatuko dute Uskararen Eguna maiatzaren 21ean, eta azkeneko bi urtetan ez bezala, aurten egun osoko egitarauarekin itzuliko da festa Erronkaribarrera. 25 urte dira Nafar Pirinioetako ibar horretan euskara sustatzeko ekimena abiatu zuela Kebenko elkarteak.
Euskara sustatzeko eta "bizirik eta aktiboki mantentzeko" jaialdia berriz ospatuko dute Erronkaribarren. Urtez urte ibarreko herrietan txandaka ospatzen duten Uskararen Eguna Burgin izango da aurten, maiatzaren 21ean. Bi urteren ondoren, ekitaldiz beteta dator ospakizuna, betiko formatuan, eta goizean goizetik hasita haurrentzako jolasak eta ikuskizunak, azoka, jauzi erakustaldia, herri bazkaria, musika eta dantzaldia izango dira, besteak beste.
"Garai arraro hau utzi eta erritmo aldaketa tokatzen da. Txipa aldatu eta uskara moduan jarri", esan dute jaia antolatzeaz arduratzen den Kebenko kultur elkartekoek. Txipa aldatu izango da aurtengo leloa, Ezka errekan sarritan ikusten den arraintxoari erreferentzia eginez, burgiarrei horrela deitzen baitzaie: "Arrain jatorra, aktiboa, hizkuntza gutxituak bezala korrontearen kontra igeri egiten dakiena eta taldean mugitzearen lagun handia dena".
Aurten gainera data borobila dute, 25 urte dira Uskararen Eguna ospatzen hasi zirela ibarrean. Hori dela-eta aldizkari berezi bat ere kaleratu dute.
Egitaraua: