argia.eus
INPRIMATU
Uskararen Eguna egingo dute Erronkarin eta euskara hizkuntza ibiltaria izan dela gogoratuko dute
  • Erronkaribarreko ehunka lagun biltzen duen urteroko zita ospatuko dute maiatzaren 20an Erronkariko herrian bertan. Uskararen Egunak 26. edizioa du aurtengoa, eta ibarreko herritarrak kohesionatzeko eta jendartea biziberritzeko ezinbesteko ekimena bihurtu da.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko maiatzaren 10

Erronkarin dena prest dute hamar egun barru ospatuko dute Uskararen Egunerako eta jadanik hasi dira motorrak berotzen. Asteburu honetan I. Pirinioetan Kantuz ekitaldia egingo dute, Aezkoa, Zaraitzu, Erronkari eta Nafarroako Pirinioetako kantuzale guztiak elkartuko dira herrian barrena kantuan aritzeko, euskaraz noski.

Baina hori atarikoa besterik ez da izango, maiatzaren 19an txikientzako ekitaldia antolatu dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin, eta maiatzaren 20an egun handia izango da, Uskararen Eguna. Goizean goizetik herri olinpiadak egingo dituzte, eta Otsagabiko dantzariak arituko dira Irunberriko gaiteroekin; eguerdian lekuko aldaketa izango da eta herri bazkaria ere bai. Ondoren jolasak, musika, kontzertuak... eEgitarau zabala prestatu dute antolatzaileek.

Ibiltarien hizkuntza

Uztarrotzen 1997an hsi zenetik, urtero egin ohi da Uskararen Eguna Erronkaribarko herri batean, txandaka, Kebenko kultur elkarteak bultzatuta. Aurtengo edizioari Erronkari, uskararen ebiltari goiburua jarri diote.

"Erronkari, ezer baino lehen, ibiltarien herria izan da", gogoarazi dute Kebenkotik. Iparralderantz abiatzen ziren ainarak edo emakume espartingile migranteak, hegoalderantz transhumantzia egitera edo almadiekin egurra garraiatzera... "Xin-xoanean bizi den herria gara, eta modu batean, euskara ere horrela ibili da gurean eta gurekin, aurrera eta atzera" nabarmendu dute. Horregatik euskara "urratsez urrats euskararen etorkizuna marrazten" joan direnak izan dituzte gogoan aurtengoan.

Despopulazioa, euskara eta zonifikazioa

Halako ospakizunak garrantzitsuak dira, despopulazioak erasandako Nafarroako ibarretan, hizkuntzaren inguruan ere herritarrak kohesionatzeko.

Nafarroako Estatistika Institutuak (Nasnat) eman berri dituen datuen arabera foru lurraldeko herritarren %26,5ek euskararen ezagutzaren bat dauka, baina bi puntu baino ez du egin gora azken hamar urteetan. 

Gainera, euskararen egoera oso desberdina da eskualdearen arabera. Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioak eragin nabarmena du, eta eremu ez-euskaldunean eta mistoan galga jarri dio euskararen garapenari, Nasnaten ikerketak aditzera ematen duenez: "Herritarren jaioterriak eragina du euskararen ezagutzan", dio hitzez hitz txostenak.

Erronkaribarreko udalerriak eremu mistoan daude eta azken datu estatistikoen arabera, euskal hiztunen kopurua %18tik gorakoa da hango udalerri nagusietan, Izaban, Burgin eta Erronkarin.