argia.eus
INPRIMATU
Usansoloren desanexioari atea zabaldu diote Bizkaiko Batzar Nagusiek
  • Udal berrien sorrera debekatzen duen araua aldatzeko proposamen bat egin dezan eskatuko diote Bizkaiko Batzar Nagusiek Aldundiari, EH Bilduren mozio bat onartu ondoren. Hala, apur bat hurbilago du Usansolok Galdakaotik bereizteko aukera.

Unai Brea @unaibrea2 2015eko otsailaren 03a
Desanexioaren aldeko pankarta Usansolon (Arg.: UH).

EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren aldeko botoekin eta PPren abstentzioarekin onartu da mozioa. Honenbestez, Aldundiak foru araua aldatzeko proposamen bat aurkeztuko beharko du BBNNen aurrean. Eskariak espreski dio arau aldaketa horrek Usansoloren segregazio prozesua ahalbidetu beharko duela, baina ez du ezer esaten bestelako prozesu batzuei buruz.

Aldundiak ez du epemugarik proposamena aurkezteko, eta zaila dirudi legealdi honetan egiteak, martxoaren 31n amaituko baita.

2012tik jarri zuten indarrean Bizkaian udal gehiago sortzea galarazten duen araua. Debekuak bereizte-prozedura lehendik abiatua zuten herriei ere eragin zien. Une hartan, gaur egun bezala, Usansolo zen egoera horretan zegoen bakarra.

Izan ere, beren-beregi Usansoloren desanexioa geldiarazteko asmatutako araua zela salatu zuen ARGIAn Monika Mena Usansolo Herria (UH) Plataformako bozeramaleak, azaroan argitaratu genuen erreportaje honetan.

Azaroaren 23an egindako erreferendum ez-loteslean, Usansoloko herritarren gehiengoa Galdakaotik bereiztearen alde agertu zen. Handik bost egunera, Aldundiari Usansoloren desanexioa baimentzeko eskatzea onartu zuen Galdakaoko Udalbatzak.

UHk bilera eskatu zion Unai Rementeria Aldundiko bozeramaleari, herritarren borondatea errespeta zezan galdegiteko asmoz. Rementeriak uko egin zion bilera egiteari, baina azkenean EAJ udazkenean emandako hitza bete du, eta itxura osoz ez dio traba gehiagorik ipiniko Usansoloren bereizketari.

Behin araudia aldatuta, erreferendum lotesle batez amaituko litzatekeen prozedura ireki beharko da desanexioa burutzeko. Besteak beste, balizko udal berriaren bideragarritasuna aztertu behar da.