argia.eus
INPRIMATU
Usansoloren desanexioa bideratu behar duen batzordearen osaketari helegitea aurkeztuko diote
  • Usansolo Herria (UH) elkarteak agerraldia egin du Galdakaoko Udaletxearen aurrean. Usansoloren desanexio prozesuan Galdakaoko alkateak izandako jarrera salatu du bertan, hala nola Batzorde Parekidearen eraketa.  

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko azaroaren 15a
Usansolo Herriak agerraldia egin du Galdakaoko udaletxearen aurrean (Arg: Usansolo Herria)

2016ko ekainean Usansoloko desanexio prozesua bideratuko duen bide orria onartu zen. Bertan sinatutakoaren arabera, Usansolo eta Galdakaoko sei pertsonak osatuko lukete Batzorde Parekidea, bakoitzetik hiruna kide. Usansoloko aldeko kideak azken udal hauteskundeetan emandako emaitzen arabera aukeratu ziren. Galdakaoko aldeari dagokionez, alkateak eta bi zinegotzik osatuko dutela zehaztu zen.  

Galdakaoko alkateak Bozeramaile Batzordea antolatu zuen irailean, eta bertako zinegotzi ordezkari biak EAJkoak izango direla esan zuen. Horren aurrean desadostasuna erakutsi dute Usansolo Herriko (UH) kideek. Izan ere, “gai publikoak osoko bilkuretan jorratu behar” direla azaldu dute, herritarrak bertara daitezkeen guneetan.

Adostasunen bila jardun arren, alkateak eta bere taldeak prozesua “modu demokratikoan garatzeko borondaterik ez dutela” azaldu du UHk. Hori dela eta, lege-bideetara jotzea “beste aukerarik izan ez dutela” adierazi dute.

Hortaz, Usansoloko Batzorde Parekideko kideak izendatzeko alkatetza-dekretuaren gaineko errekurtsoa aurkeztu du UHk. Bertan, bi gauza eskatu dizkio alkatetzari. Lehenik eta behin, baliorik gabe uzteko Batzorde Parekidearen kideen izendapena, “alkatetzaren eskumena ez delako”. Eta bigarrenik, 1.462. alkatetza-dekretua ere baliorik gabe uzteko, “ez duelako errespetatzen proportzionaltasun politikoaren legezko oinarria”.