L5 lineak Euskotrenen ibilbidea aldatuko du, eta geltoki batzuk eraitsiko dituzte, tartean Usansolokoa. Trenaren ibilbidea lurperatuko dute eta beste geltoki batzuk gehituko dituzte. 2022an, Eusko Jaurlaritzak linea horren jatorrizko proiektua aldatu zuen Usansoloko geltokia bertatik kenduta, eta gaur egun proposatzen duten aukera Galdakao-Usansoloko ospitaleko geltokia eta autobus zerbitzua dira. ARGIAk Geltokia Erdigunean plataformako ordezkari Jon Atxutegirekin hitz egin du, eta adierazi du zerbitzu hori ezin dutela galdu, eta borroka egiteko prest daudela.
Azken egunetan, Usansoloko geltokian egiten ari diren obren aurrean protestak egin dituzte herriko bizilagunek, L5 linearen proposamenarekin haien desadostasuna erakusteko. 2022an, Usansolok herriko erdigunean geltoki bat izateko plana bertan behera utzi zuten, Eusko Jaurlaritzak egindako aurkezpenean, Cadena Ser-ek jaso zuenez. Proiektu horretan, ibilbidearen zati bat lurperatu egingo dute, beste geltoki batzuk gehituko dituzte, baina desagertu egingo da gaur egun Usansolon dagoen Euskotreneko geltokia, eta ez da egongo ordezko geltokirik herriaren erdigunean. Usansoloko herritarrei eskaini dieten aukera Galdakao-Usansoloko ospitaleko geltokia izan da, eta Usansoloko auzoak geltoki horrekin lotzeko autobus zerbitzu bat.
Herritarrek Geltokia Erdigunean plataforma sortu dute, eta ARGIAk plataformako ordezkari Jon Atxutegirekin hitz egin du. Proposatutako aldaketa horrekin, Usansoloko herritarrek egungo geltokiarekin Bilbora “17 minutu inguruko” ibilbidea izatetik, ibilbide bera “30 minutu baino gehiagoan” egitea ekarriko duela azaldu du Atxutegik, eta eskatzen duten erdiguneko geltokiarekin, onuradunen kopurua biztanleriaren bikoitza izango dela gutxi gorabehera, Naizek ere jaso zuenez. Plataformako ordezkariak salatu du zerbitzu hori ezin dutela galdu, eta geltokia erdigunean izatea zerbitzua ez galtzeko “irtenbide bakarra” dela.
EH Bildu, Podemos eta PP alde, eta EAJ eta PSOE kontra
Herri plataforma ekainean Bizkaiko Batzar Nagusietan izan zen, Euskotreneko L5 linean Usansoloko erdigunean geltoki bat eraikitzea eskatzeko. Bertan, plataformako ordezkari Jon Atxutegik eta Josu Grandivalek, batzarkideei eskatu zieten “arin” onartzea “Foru Ganberan arauz besteko proposamen bat”, eta Lakuako Gobernuari eskatzea “luzamendu” bat aktibatzeko, geltokia ospitaletik gertu kokatzen duen gaur egungo proiektua geldiarazteko.
EH Bildu, Podemos, eta PP erdiguneko geltokiaren alde agertu ziren, baina EAJ eta PSOE Galdakao-Usansoloko ospitaleko geltokiaren eta autobus zerbitzuaren alde agertu ziren, Atxutegik esan duenez. EH Bilduk eta Podemosek ekainean Batzar Nagusietan arauz besteko proposamen bat erregistratu zuten plataformaren izenean, baina EAJk eta PSOEk ez zuten onartu, eta astelehenean, uztailaren 15ean, bi alderdiek erregistratutakoaren aurka alegazio bat aurkeztu dute, ordezkariaren arabera. Plataformak irailaren bukaeran edo urriaren hasieran Batzar Nagusietako hurrengo bilkuran alderdiekin birnegoziatzea espero du, haiek aurkeztu dutena eta EAJ eta PSOEren alegazioa “ahal den neurrian bateratu ahal badira bateratzeko” eta horrela “eskaera horrek aurrera egin dezan”.