argia.eus
INPRIMATU
Usansoloren desanexioa onartu daiteke Bizkaiko Batzar Nagusien hurrengo bileran
  • Larunbatean, desanexioaren aldeko aldarria berriz atera dute kalera Usansolon, eta urriaren 15erako mobilizazioa deitu dute. Bizkaiko Batzar Nagusietan beren borondatea bete dadila, hori lortu nahi dute ekimenokin. Izan ere, Bizkaiko Batzar Nagusien hurrengo bileran bozkatuko dute Usansoloren desanexioaren gainean. Galdakaotik bereiztea adostuz gero, Usansolo Bizkaiko 113. udalerria bilakatuko litzateke.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 03a
Argazkia: UH Usansolo Herria plataforma

Jaia eta aldarrikapena eskutik doaz Usansolon, udalerri bilakatzeko borrokak bere horretan dirauen arren, herriaren eskakizuna betetzetik gertu baitago. Azken 40 urteetako aldarria beste behin kalera ateraz, Usansolo udalerria zioen mosaikoa osatu zuten larunbatean Unkina plazan, aterkiak baliatuz; horrez gainera, desanexio prozesuaren inguruko erakusketa ere jarri zuten ikusgai. Abuztuaren 15ean jarri dute hurrengo hitzordua: mobilizazioa egingo dute Unkina plazatik abiatuta, 12:00etan, ostean indaba janari eta erromeriari tokia eginez.

Beren erabakia errespetatu dadila eta Bizkaiko Batzar Nagusiek Usansolo udalerri bilakatzearen alde bozkatu dezatela, horixe da ekimenokin bultzatu nahi dutena. Izan ere, lau hamarkadako ibilbidea eta gero, lortu dute Usansoloren desanexioaren gaineko bozketa Bizkaiko Batzar Nagusietara eramatea. Oraindik datarik ez duen arren, Bizkaiko Batzar Nagusiek egingo duten hurrengo bileran emango dute auziaren gaineko bozka alderdiek. UH Usansolo Herria plataformaren irudiko, ez dirudi desanexioaren aurka bozkatuko duen alderdirik dagoenik. Nolanahi ere, bilera orduko alderdi guztiekin biltzea da beren asmoa; EH Bildu eta Podemosekin batu dira dagoeneko, eta datozen egunetan bilduko dira EAJ, PSE-EE eta PPrekin.

Martxoaren 27an egindako herri galdeketan, hirugarrenez adierazi dute usansolotarrek Galdakaotik bereizi eta udalerri bilakatzeko nahia. Bai 1987an zein 2014an eginak zituzten beste bi herri galdeketa, baina erakundeek ez zieten zilegitasunik aitortu. Azken galdeketa Galdakaoko Udalak antolatu du ordea, eta hortaz, ofiziala da.

3.771 pertsona zeuden bozka ematera deituta azken galdeketan, eta %63,12ak parte-hartu zuen. Horietatik, %81,54a Usansolo Galdakaotik bereizi eta udalerri bilakatzearen alde agertu zen. Emaitza horiek eskutan, Galdakaoko Udalak memoria igorri zion Bizkaiko Foru Aldundiari, loteslea ez den txosten juridikoa osatzeko. Orain, Bizkaiko Batzar Nagusiek dute auziaren gaineko azken hitza. Desanexioaren aldeko bozka nagusituz gero, Usansolo Bizkaiko 113. udalerria izango litzateke.