argia.eus
INPRIMATU
Usansoloko herri galdeketari trabarik ez ipintzeko eskatu dio EH Bilduk Bizkaiko Aldundiari
  • Usansoloko Erreferendumerako Talde Eragileak irailaren 4an Bizkaiko Batzar Nagusiei eta Aldundiari egindako eskariarekin bat egin du EH Bilduk. Oraingoz Galdakaoko auzoa dena udal bilakatzeari buruzko herri galdeketa deitu dute azaroaren 23rako, eta koalizio abertzaleak kontsulta hori erraztu dezan galdegin dio herrialdeko gobernuari.

Unai Brea @unaibrea2 2014ko irailaren 11
Usansoloko Erreferendumerako Talde Eragileko zenbait kide, eskaria egin zuten egunean. (Arg.: UETE)

1988an abiatu zen Usansolo Galdakaotik bereizteko prozesua. “Bada garaia auziari konponbidea emateko”, adierazi du Irune Sotok, BBNNetako EH Bilduren bozeramaleak. Sotok salatu du nola EAJk hala Bizkaiko Aldundiak ez dutela gai honentzat egiazko konponbiderik.

“Lurralde Mugapen Mugapeen Araua moldatu zuten iaz, Usansoloko herritarren nahiari ate guztiak ixteko asmoz”, esan du EH Bilduko batzarkideak. Izan ere, lege moldaketa horrek debekatu egiten du Bizkaian udal gehiagorik sortzea. Azkena Ziortza-Bolibar izan zen, orain dela ia hamar urte Markinatik banatu eta gero. Usansolo udal bihurtzearen aldekoek –Usansolo Herria taldeak, batik bat– argudiatzen dute iazko lege aldaketa batek ez liokeela eragin behar orain 25 urte baino gehiago abiarazitako prozesuari.

Espainiako Estatuak Kataluniarekiko duen jarrera bera Usansolorekiko izatea leporatu die EH Bilduk Aldundiari eta EAJri. Erabakitzeko eskubidea udal mailan ere errespetatu beharreko printzipioa da, adierazi dute. Aldundiak ez dio oraindik erantzun Usansoloko Erreferendumerako Talde Eragileak mahai gainean jarritako eskariari.