argia.eus
INPRIMATU
Usansolo Herria plataformak salatu du EAJk deskonexio prozesua “blokeatu” duela
  • Bizkaiko 113. herria izan nahi du Usansolok, hala erabaki zuten 2014. urtean egindako kontsultan eta 2017an egin zuten sinadura bilketan. Deskonexiorako bide orria adostu zuten alderdi eta instituzioekin, orain ordea EAJk prozesua blokeatu izana salatu du UHk.

Andoni Mikelarena @andonimik 2018ko urtarrilaren 19a
Arg: Usansolo Herria

“EAJk ez du sekula borondate politikorik izan Usansoloren deskonexio prozesua aurrera eramateko”, hala adierazi dute Usansolo Herria plataformako kideek ostegunean egin duten prentsaurrekoan. Urteak daramatza Usansolok herri egiturak lortu nahian, egun Galdakaoko auzo gisa kontsideratuta dago ofizialki.

2012. urtean Bizkaiko Aldundiak foru arau bat onartu zuen EAJren botoekin deskonexio eskubidea debekatu zuena. Egoera horren aurrean Usansoloko herritarrek kontsulta bat antolatu zuten, herria izan nahi zuten edo ez erabakitzeko. Emaitzak argi erakutsi zuen Usansolotarren borondatea eta aldundiak araudia aldatu zuen.

2016. urtean Usansolo Herria plataformak deskonexiorako bide orri bat adostu zuen alderdi politikoekin. Bide orriaren arabera, batzorde ezberdinak sortuko zituzten Galdakaoko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Usansoloko herritarren artean.

Aurreneko batzordeak martxan jarri ziren 2016. urtean, baina ordutik “EAJk traba ugari” jarri izana salatu dute UHko kideek. Egun, udalaren eta aldundiaren “borondate eza” dela eta batzorde horiek geldirik daudela  gaineratu dute. Deskonexio prozesua “luzatu nahi” izana egotzi diote jeltzaleei, Usansoloko herritarrak nekatzeko asmoarekin.