argia.eus
INPRIMATU
Usain gaiztoko belar bat
  • Amarengandik hurbil bizitzea gustatzen zaie. Ez dira urrutira joango santio-belarraren (Jacobaea vulgaris) haziak, eta haiengandik jaiotako landareak, familia osoa, amaren eta amonaren aldamenean hazi eta biziko dira. Familia tzarra, izan ere landare bakoitzak sasoi batean 2.000-2.500 lore ireki ditzake eta horietatik 75.000-200.000 hazi eman.

Jakoba Errekondo 2024ko irailaren 16a
Argazkia: Christian Fischer / CC-BY-SA 3.0

Multzoka ikusiko dituzu urrutitik, lur heze baina drainatuak dauden tokietan; bereziki gustuko ditu trenbide eta bide bazterrak. Hemen ugariagoa da hegoalde lehorrean, areka, arroila eta hezeguneetan; iparralde hezean toki eguzkitsuetan ere bizi da.

Finlandian esaten dute garai batean itsasontzien lastrean edo lastan nahastuta iritsi zirela bere haziak hara; gaur egun portu inguruetako lurraldeetan ikusten da eta handik bideak eta trenbideak hartu eta lurralde berriak bereganatzen ari da…

Landare guztia pozoitsua da eta azienda, dakienak badaki, ikusi orduko urrundu egiten da. Kumeren batek punttaren bat dasta dezake, eta ahosabaitik burmuinera dagoen bide laburra dela medio betiko garunean zizelkatuta utziko dio: “Horri koskik ez, utzi bakean”. Albaitaritza literaturan aipatzen da bera jateak dakartzan arazoen berri, batik bat behor aziendari. Kopuru oso txikia jatea nahikoa da gaixotzeko, eta nahiz eta dosi oso txikiak jan, bere osagaiak gorputzean pilatu egiten dira eta kalteak gerora azaldu daitezke; gibeleko zirrosia da horietako bat. Itxuraz aziendak, ez dakigu zein literatura irakurtzen duen, baina badaki horren berri. Gose larria duenean, tamainan baina jaten omen du santio-belarra. Beste batzuk belar hori jatera jarri egin dira eta aipaturiko literaturan bai azaltzen da ardiek berarekiko duten adikzioa eta bazkan nahastuta, tamainan horiek ere, lasai asko jaten dute; gibela gogorra agi danean. Intsektu askok maite dute belar hau (sits, tximeleta, kakalardo, har, liztor txiki…), pozoiak nonbait haien arerioak hurbiltzea ere eragozten du eta haiek bertan gozo.

“Santio” izena loraldia uztailaren amaierako egun horren inguruan abiatzen duelako omen du. Loraldi luzea du, azaro artekoa. Lore hori deigarriak ditu eta bi metro arte luza daitekeenez, urrutitik erraz antzemateko modukoa da. Ikusgarria ere bai; zenbaitek lorategietara eramaten du. Pozoiarekin batera usain txarra dute hostoek. Miguel Colmeiro Penido galiziarrak 1885 eta 1889 artean argitaratu zuen Enumeración y revisión de las plantas de la Península Hispano-Lusitana e Islas Baleares lanegin tzarrean santio-belarrarentzako jasotako euskarazko izen bat hauxe da: “Usai gaistoko besat bat”; seguru asko, informatzaileren batek “usain gaistoko belar bat” esango zuen, eta transkripzioetan eraldatu. Baina “usai gaistoko” ederki ulertzen da.

Gazteleraz ere izen xelebre mordoa du, tartean “sacapeos”, puzkerrak ateratzen dituena. Sendabelar bezala gaitz asko tratatzeko erabili izan da, baita horretarako ere. Euskaraz ere agian izango du antzeko izenen bat; 1980ko Anuario de Eusko Folklore-n hauxe argitaratu zen goierritar jatorrean: “Santio-belarra egosi eta aren ure eatea ona da aizek etaatzeko”. Sendabide ez, baizik eta kontrario amorratua dute Kanadan, berez eurasiarra dena inbaditzaile izendatua, Alberta estatuan kentzera behartzen dute, ezta lorategian edergarri eta intsektuen etxe ere. Belar immigrantea kanpora! Puzkerrak barrura!