argia.eus
INPRIMATU
Uruguaik ezkontza homosexuala baimendu du
  • Uruguaiko parlamentuak gehiengo handiz onartu du asteazkenean ezkontza homosexuala ahalbidetzen duen legea.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko apirilaren 11
92 parlamentaritik 71k aldeko botoa eman dute (argazkia: www.24horas.cl)

Parlamentuko 92 diputatuetatik 71k legea onartzearen alde egin dute, eliza katoliko uruguaitarrak publikoki esan arren eskubide horren kontra dagoela. Uruguai Hegoamerikako bigarren herrialdea da (Argentinaren ostean) lege hau onartzen, nahiz Brasilgo zenbait eskualdetan ere onartua dagoen. Munduan 12 herrialdek baimentzen diete sexu bereko pertsonei ezkontzen.

Parlamentuak onartu duen testua Senatuak gehiengo handiz baietsia zuen aurreko astetik. Orain, estatuko presidente José Mugicari dagokio testua onartu edo ez erabakitzea, legea ezartzen hasi ahal izateko.

Botazioaren emaitzak ezagutaraztean poz handia zabaldu da parlamentuan, eta pertsona batzuk kanporatu behar izan dituzte egindako iskanbilarengatik. Homosexualen eskubideen aldeko Ovejas Negras kolektiboko ordezkari batek esan du lege honekin herrialdeak “gizarte justuago eta parekideagorako pauso handia” eman duela.

Lege berriak dioenez, ezkontzaren instituzioak “ezkontideen arteko batasuna esan nahi du, haien arteko genero identitatea edota orientazio sexuala edozein delarik ere. Ezkontza mota guztiei, orain arte Kode Zibilak zehaztutako lege eta eskubideak, baita desegitearenak ere, ezarri ahalko zaizkie”.