argia.eus
INPRIMATU
Manuela Jauregi, eguneko arrantzalea
“Urtez urte olagarroa gutxitu egin da, zerbait gertatzen da itsasoko urarekin, hori argi da”
  • Manuela Jauregi arrantzalea da eta duela 25 urtetik hona, bere senarrarekin batera olagarroa eta eguneko arraina harrapatzen aritzen da Getarian, Manuela itsasontzian. Mattin Jauregirekin mintzatu da ontzi barrutik, eta azken urteetan sumatu dituen aldaketak azaldu ditu.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2024ko ekainaren 07a

25 urtean bizimodua atera ahal izan dutela azaldu du Jauregik: "Getarian arrantza giroa dago, jatetxe onak ere bai, leku estrategikoa da eta gustatzen zaigu mundu hau". Bere amona Manuelaren omenez jarri dio izena itsasontziari: "Baserritarra zen, emakume langilea", nabarmendu du.

Olagarroa arrantzatzeko teknika azaldu du Jauregik: otarretan harrapatzen dute, arroketako arrantza da eta uda hasieran eta udazkenean egin izan dute eguneko arrantza hori. Gero eta olagarro gutxiago dagoela ohartarazi du: "Konturatu gara urtez urte gutxitzen joan dela, ez dakigu zergatik. Zerbait gertatzen da itsasoan, argi da. Gehien bat bost urtetik hona nabaritu dut itsasoak eduki duen aldaketa. Ez naiz biologoa, ez dakit gai horietan, baina guk ikusten duguna da aldaketa egon dela urarekin. Ez dakigu nondik doan arazoa baina arazo bat dagoela eta latza, bai".

Olagarroa jateko ohitura azken urteetan zabaldu dela kontatu du. Jaten den guzti horretatik eurek harrapatzen dutena "portzentaje oso txikia" dela adierazi du eta oso leku zehatzetan saltzen dutela, inguruko jatetxeetan, bertako produktua erosten dutenetan. Hemen jaten dugun olagarro gehiena kanpotik dator: Marokotik eta abar.

Garai batean portuan bertan saltzen zuten egunean arrantzatutako arrain gehiena: "Ohitura hori bazegoen, inguruko jendea gerturatzen zen eta eguneko arrain freskoa bertan saltzen zen. Orain arazo asko daude gauza horiek egiteko, lizentziak, Sanidadea, baimenak...". Zuzeneko salmenta hori desagertu egin da eta Jauregik jatetxeei saltzen die arrantzatutakoa.

Atzetik ez du erreleborik ikusten arrantzan: "Jendea jada ez dago arrantzarako prest. Ikuspuntua aldatu egin da. Jendea ari da erretiroa hartzen (itsasoan lehenxeago egiten da zeren bizimodua gogorra da eta pertsona gastatu egiten da) eta pixkanaka pixkanaka, ba, arrantzaleok desagertzen joango gara". Beste baldintza batzuk balira lanerako, jendea animatuko litzatekeela esan du: "Batetik ez dago arrantzarik eta bestetik egoera honekin, normala da inor ez animatzea jarraitzera".

Eurek ere beren jarduna murriztu behar izan dute: lehen bost astegunetan ateratzen ziren eta orain bostetik hirutan. Beste bi egunetan "lehorreko lanak" egiten dituzte: sareak josi, otarrak konpondu... "Lanak itsasontziak asko ditu", esan du Jauregik. Eta ez omen die merezi egunero irtetea, gasoila eta gainerako gastuak murriztea erabaki dute, "eta horrekin, aurrera jarraitzea".