argia.eus
INPRIMATU
Urteurren festa ospatuko dute Iruñeko Laban larunbatean
  • 2022ko urtarrilaren 7an ireki zituen ateak Iruñeko Labak eta larunbat honetan egun osoz gogotik ospatuko dute urtebeteko jarduna. Labaren irekieraren berri emateko lurrikara handia ekarri zuten eta urteurrena ospatzeko festan ere dardara eragingo dute hiri buruzagiaren Gazteluko Plazan.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko urtarrilaren 13a
Argazkia: Laba

Hiru ekitaldi nagusi izango dituzte. Goiz erdian ekingo diote bermutari Laban bertan, 11:00etan, eta txokolatada eta musika ere eskainiko dituzte. 14:00etan Geltokira joko dute eta han bazkaldu, 26 euroko menua. Arratsaldean 18:00etan albina Stardust ikuskizun trabestia eskainiko dute Laban, eta ondoren DJ pintxada sorpresa. Laba areto irekia da eta ekitaldiak ere hala dira, Labaren urteurrena ospatu nahi duen edonorentzat.

Baina bezperaz ere hasi daiteke ospatzen eta gogorik duenak izango du horretarako aukera ostiral honetan bertan: 18:30ean, Agora elkarteak poteo filosofikoa antolatu du Laban: Egin daiteke umorerik -----ri buruz? Maddi Nazabal Etxebestek gidatuko du saioa.

Laba Gazteluko Plazan dagoen ostatua da berez, asteartetik larunbatera irekita egoten dena, baina hori baino askoz gehiago ere bada, zerbait bada batez ere euskal kultur gunea delako. Urtean zehar hamaika ekimen bideratu dira bertan: liburu aurkezpenak, zinema, hitzaldi eta mahai-inguruak, kontzertu akustikoak, podcast gunea edo DJ pintxadak juebintxotan, besteak beste.

130 bazkidek sostengaturiko elkartea

Gaur egun 130 bazkidek sostengatzen dute elkartea, bi langilek kudeatzen dute kafetegia eta webgunean bazkide gehiago egiteko kanpaina abian dute. Gazteek bultzatutako proiektua da nagusiki eta haiek mugiarazten dituzte batez ere kultur jarduerak, nahiz eta euskalgintzako beste esparruetan aritzen diren beteranoak ere badiren.

Proiektua abiatzerakoan Gazteluko Plazan –Iruñeko egongela esaten diote iruindarrek– euskararen eta euskal kulturaren gune bat izatearen garrantziaz mintzatu ziren elkartekideak, eta apurka, Laba euskal kulturaren erreferenteetakoa bihurtzen ari da, beti ere Zaldiko Maldiko Elkartea eta Karrikirirekin batera. Nekez pentsa zitekeen duela urte batzuk Iruñeko bihotzean pilatuko zela halako eskaintza oparoa.

Ikusgarritasunaren ikuspegitik urratsak ematekotan dira oraindik, besteak beste dagokien terraza eskuratzea, baina eremu horretan ere badira zailtasunak Iruñeko Udalarekin eta haiei terrazarako lekua kentzen dien ondoko tabernarerekin. Pentsatzekoa da berandu baino lehen konponduko direla arazo horiek, urrats positiboak ere izan baitituzte, eta horrela Labak, Gazteluko Plazako gainerako ostatuak bezala, bere terraza izango duela.