Eromena da gerra, onen eta gaiztoen mugak ezabatzen dituen oihaneko legea. Gerraren krudelkeria, zentzugabekeria eta, batez ere, zoramena irudikatzen duen film onenetakoa da Apocalypse Now eta 30 urte bete ditu aurten. “Nire filma ez da Vietnameko Gerrari buruzkoa. Vietnam da”, esan zuen Francis Ford Coppola zuzendariak, pelikula onenaren Cannesko Urrezko Palmondoa jaso zuenean.
Vietnameko oihaneko txoko batean bertakoen jainko modukoa bihurtu den Kurtz (Marlon Brando) koronela aurkitu eta akabatzea da Willard (Martin Sheen) kapitainaren egitekoa. Odisea horretan, gudek eskaintzen dituzten eszena surrealistei egin beharko diete aurre protagonistek, napalm, metraileta eta gorpu artean. Ahaztezina pelikularen hasiera: Willard kapitaina ohean etzanda, sabaiko haizegailuari so, honen irudia bonbardatzen ari diren helikopteroenarekin nahastuta eta The Doors taldearen The End entzuten dela.
Ia hiru urte iraun zuen errodajea infernu bilakatu zen hasieratik. Marlon Brando gizenegi eta mozkor iritsi zen, aurrekontua bikoiztu beharragatik ia dirurik gabe geratu zen Coppola (bere buruaz beste egitearekin mehatxatu zuen hiru aldiz), Martin Sheen malariaz eta bihotzekoak jota hil zen ia-ia, eta eurite eta tifoiek asko atzeratu zuten filmaketa.
Azkenean, ordea, ezinbestekoa den filma burutu zuen zuzendari estatubatuarrak. Vietnam izan zuen eszenatoki, baina Persiako Golkoa, Afganistan, Irak… ere izan zitekeen, irudi eta indar sinbolikoz beteriko lana baita Apocalypse Now, burugabekeriaren apokalipsiaren isla.
Genero belikoari zinemak eman dion ikuspegiari buruzko erreportajea idatzi zuen ARGIAn Gorka Bereziartua kazetariak: Gerrak zeluloidea inbaditu du.