argia.eus
INPRIMATU
Sortuk manifestazioa egingo du Brouard eta Muguruzaren hilketen urteurrenean, azaroaren 20an Bilbon
  • Espainiako eta Frantziako Estatuak “nazio askapen mugimendua ito” nahi dutela ohartarazi du Sortuk, eta Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko militanteen erailketak estatu biek egiten duten “gerra zikinaren parte direla” adierazi du.

Julene Flamarique 2024ko azaroaren 12a
Sortu

Sortuk manifestazioa deitu du Bilbon, Espainiako Estatuaren biktimen aitortza eta euren gaineko erantzukizuna galdegiteko, azaroaren 20an, Santi Brouard eta Josu Muguruza ezker abertzaleko militante historikoen hilketen urteurrenean. Urtero egiten du Sortuk egun horretan manifestaldia, eta aurten oroituko dute, 40 urte direla Brouard hil zutenetik eta 35 Muguruzarenetik; biak tiroz hil zituen estatu terrorismoak. Herriaren arnasa - Independentziarako Indarra lelopean egingo dute mobilizazioa 19:00etan hasita Brouarden kontsultan, eta Plaza Berrian amaituko da ekitaldi politiko batekin.

Sortuk nabarmendu duenez, Espainiako Estatuak eragindako biktimen aitortzaren, erreparazioaren eta erantzukizunen esparruan aurrerapausoak eman diren arren, “oraindik bide luzea dago egiteko”. “Nazio zapaldua da gurea, eta espainiar eta frantziar proiektu zapaltzaileek gure herriari arnasa kendu nahi izan diote mendeetan", adierazi du alderdiak. “Nazio askapen mugimendua ito” nahi dutela azpimarratu du Sortuk, eta Brouarden eta Muguruzaren erailketak estatu biek erabiltzen duten “gerra zikinaren” parte direla berretsi.

Sortuk memoria osoaren eraikuntzaren alde egiteko beharra nabarmendu du, euskal jendearteak “nahi eta behar duen gisan”. Horretarako “une erabakigarria” bizi dugula eta gatazka politikoaren “erroari heldu behar zaiola” azaldu du. Nazio askapen prozesua bultzatzeko deia egin du: "Gu guztiok, militanteok, arnasa gara nazio aldarrikapena berreskuratu eta erdigunean kokatzeko".