Immigrazioaren Euskal Behatokiaren 2023ko Barometroaren emaitzek diote “2021ko balioetara itzuli dela” euskal gizartearen "tolerantzia-maila". Datuen arabera, horrek lotura zuzena du Ukrainako gerraren kronifikazioarekin eta asilo-eskarien egonkortzearekin.
Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak 2023ko Barometroa argitaratu du. Dokumentuan jatorri atzerritarra duten biztanleen inguruko pertzepzio eta jarrerak biltzen dira.
Bertan aztertzen dira, besteak beste, etorkinen eta haien bolumenaren pertzepzioa, euskal gizartean hautemandako ondorioak, eskubide eta zerbitzuetarako irizpidea, bizikidetza-ereduak eta harremanetarako espazioak, estereotipoak eta begikotasun-maila edo immigrazio-politika eta tolerantzia-indizea.
Ikerketak datuak “urtetik urtera hobetzen” direla dio memoriak. Hala ere, zifretan oraindik atzematen da “atzerritar jatorriko pertsonen zenbait kolektiboren estigmatizazioa”. Batez ere Marokotik, Aljeriatik eta Magrebetik datozenekiko “mesfidantza handiagoa” dagoela jasotzen du.
2021eko datuetara buelta
Txostenaren arabera, euskal gizartearen "tolerantzia-maila" 2021eko balioetara "itzuli” da ukrainarren asilo-eskaera egonkortu ondoren: “Gizarte-larrialdia desagertu ondoren, jarrera logikoagoetara itzuli da”. Halaber, datuek diote migrazioa “ez dagoela” euskal gizarteak dituen arazoen artean.
“Jarrera positiboa” nabarmendu du ikerketak atzerriko immigrazioarekiko estereotipo faltsuen eta negatiboen aurrean: “Gehiago dira estereotipo hauek baztertzen dituztenak, haiekin ados daudenak baino”.
Euskal gizartearen migratzaileekiko kezka nagusia haren “ongizaterako mehatxuak” direla azpimarratu du txostenak: “Hala ere, euskal gizarteak baztertu egiten du bertakoentzat bakarrik den babes sozialeko sistema. Hezkuntza publikoa eta osasuna pertsona guztientzako eskubide unibertsalak direla uste du”.
Datuek ere biltzen dute euskal gizarteak gero eta gehiago onartzen duela immigrazioa “egiturazko prozesu soziala” dela: “Datuen arabera, gero eta onartuago dago, era batean edo bestean, gure ongizatearen alde egin dezakegula, bai eta tresnak ezartzen lagundu dezakegula ere, denok benetan parte hartu ahal izan dezagun gure eskubideak eta betebeharrak finkatzen dituen zuzenbidezko estatuan”.