argia.eus
INPRIMATU
Urteko lehen langile hila, Alaves-Baskoniaren egoitza eraikitzeko lanetan
  • Beharginak Excavaciones Mendiola enpresarako ari zen lanean, Construcciones Urrutia enpresaren azpikontrata. Langilearen lehenengo eguna zen sektorean lanean.

Julene Flamarique 2025eko urtarrilaren 08a
Alaves-Baskonia etorkizuneko akademia inguratuko duten futbol zelaiko obrak EFE

Hondeamakina baten palak jota hil da 51 urteko behargin bat Gasteizen, Salburua auzoan. Alaves-Baskonia etorkizuneko akademiaren eraikuntza lanetan izan da istripua. Construcciones Urrutiak azpikontratatutako Excavaciones Mendiola enpresako behargina zen hildako langilea, CCOOk jakinarazi duenez. Sindikatuak adierazi du hau zuela lehen eguna sektorean, eta horrelako lan istripuak errepikatzea saihesteko neurriak har ditzaten galdegin die enpresei eta administrazioari. Lan-istripuaren nondik norakoak argitzeko ikerketa abiatu du Osalanek.

Ohar batean, Alaves-Baskonia taldeak heriotza deitoratu du, eta beharginaren "familiari, lagunei eta lankideei doluminak" adierazi dizkie. Halaber, Ertzaintzari eta Osalani erabateko laguntza eskaini die irekitako ikerketetan.

Istripua salatzeko CCOO sindikatuak elkarretaratzea deitu du ostegun honetarako, 12:00etan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Komunikatuan, sektorean lan segurtasuna indartzeko beharra azpimarratu du sindikatuak.

Urteko lehen lan istripu hilgarria izan da Euskal Herrian. 2024an, LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, 63 izan ziren istripuz hildako langileak.