argia.eus
INPRIMATU
Urteko lehen lan heriotza, urteak bederatzi dituela
  • Astelehenean langile bat hil zen Izarran, Kutxabanken bulegoan lanean ari zela. Euskal Herriko urteko lehen lan heriotza da, eta jakinarazi dutenez, istripu ez traumatiko batek eragin du. Iaz, lan heriotzen herena istripu ez traumatikoen ondorio izan zen. Arrisku psikosozialen areagotzea jo du arrazoitzat LAB sindikatuak, hala nola lan karga eta presio gero eta altuagoak.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 11

Izarrako (Araba) Kutxabanken bulegoan jazo da Euskal Herriko urteko lehen lan heriotza, urtarrilaren 9an. R.U.S. langilea, 53 urtekoa, hilik aurkitu dute bulegoan astelehen goizean. Jakinarazi denez, lan istripu ez traumatiko baten ondorioz galdu du bizia.

2022a 69 lan heriotzekin itxi ostean, ez da denbora asko igaro lan heriotzen markagailua berriz martxan jarri arte. Izarrako langileak nola, iaz hildako langileen artetik, herenak lan istripu ez traumatikoen ondorioz galdu zuen bizia. Neoliberalismoari erantzuten dioten "lan karga eta presio gero eta altuagoak" daude lan istripu ez traumatikoen atzean, LABek egin duen irakurketaren arabera. Sindikatuak azpimarratu duenez, heriotza eragin dezaketen arrisku faktoreak dira lan zama eta presioa. "Gehien ugaritzen ari den arrisku faktorea psikosoziala da. Bere indizeek gora egiten dute irakurketa guztietan, eta hauek arazo kardiobaskularretan eragin zuzena dute".

Arrisku faktore psikosozialen igoerarekin lotu du Izarrako langilearen heriotza sindikatuak, adieraziz ez dela kasualitatea arrisku faktore horiek areagotu izana Kutxabank bezalako enpresa batean: "Pribatizazioak gizartean eragin duen galeraz gain, langileen lan baldintzetan eta bizi kalitatean ere eragina izan duelako: bulegoen ixteak eta plantilla murrizketak lan karga eta erritmoetan eragin zuzena izan dute, eta horrek lan arriskuak areagotzen ditu".

Zehazki, Kutxabankek egindako murrizketa zehatz batean jarri du fokua. Historikoki, gutxienez bi langile batera aritzeko segurtasun neurria egon da indarrean Vital Kutxan, harik eta Kutxabankek indargabetu zuen arte, "gastuak gutxitzeko" LABek salatu bezala. "Neurri hori ezabatu ez balitz, posible litzateke gaur heriotza baten aurrean ez egotea", azpimarratu du.

Heriotzaren aurrean, arrisku psikosozialak prebentzio txostenetan identifikatuta egon behar luketela, ebaluaketa psikosozialak egin eta neurri prebentiboak aplikatu beharko liratekeela gogorarazi du sindikatuak. Baina horren ordez, Kutxabankek arrisku berriak sortu eta segurtasun neurriak ezabatzen dituela iradoki du.

"Lan osasun arloan ia eskumen guztiak izanik, egokitu al du Osalan eta Ikuskaritzaren lana gero eta pisu handiagoa duen arrisku faktore honetara?", galdera aireratuz Jaurlaritza interpelatu du sindikatuak. Azalpenak, berehalako neurriak, benetako kontrola eta politika zehatzak eskatzen dizkiote.