argia.eus
INPRIMATU
Urteko lehen bi lan heriotzak, Santurtzin eta Trapagaranen
  • Bi langile hil dira asteartean lan istripu banatan. Aurtengo lehen lan heriotzak izan dira, biak Bizkaian. Lehen istripua Santurtzin gertatu da, goizaldean, kamioi baten kabinak su hartu ostean. Bigarrena arratsaldean jazo da Trapagaranen, Ugarte industriaguneko lantegi batean behargin bat ate batean harrapatuta geratu ondoren. Iaz 58 heriotza zenbatu zituen LABek Euskal Herrian.

Mattin Azpiroz Pagola 2024ko urtarrilaren 10
Shultzaileak su hartutako zisterna-kamioia itzaltzen. Argazkia: Bizkaiko suhiltzaileak

Santurtziko N-644 errepidean gertatu da lehen istripua. Cisternas de Alsasua enpresako kamioi gidaria Santurtziko Portura bidean zihoala, gasolinaz beteta zeraman ibilgailuaren kontrola galdu du eta segurtasun-hesiaren aurka jo du. Kolpearen ondorioz, kamioiaren kabinak su hartu du eta langilea hil egin da.

Segurtasun Sailaren  arabera, ezbeharra 08:50 inguruan gertatu da, portuko instalazioekin lotuta dagoen Mamarigako tunel inguruan. Ertzaintzak ikerketa hasi du istripuaren xehetasunak argitzeko.

Bigarren istripua, larrialdi-zerbitzuek jakinarazi dutenez, 19:24an gertatu da. Ertzaintzak jakinarazi du Ugarteko industrialdeko enpresa bateko ateak harrapatu duela gizona. Suhiltzaileak eta anbulantzia bat bertaratu dira, baina ezin izan dute ezer egin.

Urteko lehenak

2024ko lehen lan heriotzak izan dira Santurtzi eta Trapagarangoa. LAB sindikatuak egiten duen kontaketaren arabera, iaz 58 langile hil ziren Euskal Herrian, alegia, sei egunetik behin hil zen langile bat, bataz beste.

Lehen ezbeharren aurrean, LABek salatu du garraio sektoreko baldintza “gero eta gogorragoak” lan arrisku bilakatu direla: “Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan-baldintzak: lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, bizitza eta elikadura osasuntsua izateko zailtasunak, eta abar”. Istripuok saihesteko “borondate politikoa” behar dela adierazi du sindikatuak: "Prekarietatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute beste aldera begiratzen jarraitu, bestela gertatutakoaren eta gertatuko denaren konplize izango dira”.

ELA sindikatuak ere salatu du Santurtziko istripua: “Garraiolariek pairatzen dituzten lan istripuak gehienetan trafiko istripu moduan erregistratzen dira, langile hauek pairatzen dituzten lan arriskuak alboratuz”.