argia.eus
INPRIMATU
Urteko lehen bederatzi egunetan Barakaldon hiru eraso matxista salatu ditu Argitan-ek
  • Barakaldoko Argitan elkarte feministak manifestazioa deitu du urtarrilaren 14rako, "herrian bizitzen ari garen erasoen olatuaren aurrean". Izan ere, urteko lehen bederatzi egunetan dagoeneko hiru indarkeria kasuren berri izan dute. Lema hau jarri diote: "Indarkeria matxistaren aurrean; erantzun kolektiboa, elkartasuna eta autodefentsa feminista".

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 11

Urtea hasi besterik egin ez denean, egunez egun eraso matxistak jasaten dituztela salatu du Argitanek, eta Barakaldon gertatutako kasuak zerrendatu ditu:

Urtarrilaren 2an 30 urteko gizon bat atxilotu zuten taberna batean sexu gehiegikeriak egiteagatik. Urtarrilaren 6an gizon bat atxilotu zuten bere bikote ohia erasotzeagatik. Urtarrilaren 7an Portugaleten 37 urteko gizonezkoa atxilotu zuten, emakume bat bortxatzea egotzita. Urtarrilaren 8an udaltzainak 20 urteko gizonezkoa atxilotu du emakume bati sexu erasoak egiteagatik.

"Emakumeen aurkako indarkeria pandemia bat da eta gure aukera bakarra irmoago erantzutea da"

Argitanek oroitarazi du "bizi dugun indarkeria estrukturala dela eta emakumeek bizi ditugun diskriminazio eta desberdinkerien ondorio zuzena dira". Horren aurrean "modu kolektiboan eta irmoki" erantzun behar dela nabarmendu dute: "Ezin dugu gertatzen utzi, bizitzen ari garen indarkeria matxistaren pandemiaren aurrean gure aukera bakarra irmoago erantzutea da. Kaleak gureak dira eta kalean aldarrikatuko dugu gure espazioa eta indarkeria matxistatik libre diren bizitzak bizitzeko eskubidea".

Autodefentsa feminista aldarrikatu dute eta erakunde publikoei eskatu diete "politika publiko orokorrak, errealak eta eraginkorrak" ezartzeko, "indarkeria matxistaren pantemia bukatzeko".

Urtarrilaren 14an manifestazioa

Arratsaldeko 19:30ean abiatuko da manifestazioa Herriko Plazatik. "Herriko kaleak zeharkatuko ditugu argi oihukatuz Barakaldon inolako erasorik ez dela geratuko erantzunik gabe".

Argitan elkarteak 25 urte daramatza Barakaldoko emakumeei doan eskainiz bere eskubideei buruzko informazioa, asesoramendu juridiko eta soziolaborala eta arreta psikologikoa. Bertara jotzeko aurrez hartu behar da hitzordua, 944 782 102 zenbakira deituta.