Elai Serbitzuak azpikontratatutako enpresako langileek 115 eguneko greba egin dute eta behin akordioa lortuta bertan behera utzi dute. Langileen akordioa “oso positibotzat” jo du ELAk.
115 egunez egon dira greban Hondarribiko Elai Serbitzuak azpikontratatutako enpesako langileak, eta akordioa lortu ostean lanera itzuli dira abuztuaren 29an. Urteko lanaldia 108 ordura murriztea eta batez beste soldata %20 igotzea lortu dute. Gainera, enpresak 8 langileri zor zien dirua eman diela argitu du ELAk, baita konpentsazio eta xurgapen klausulak deuseztatzea ere.
Elai Serbitzuak enpresa “mahaitik desagertuta” egon dela eta azkenean martxoaren 20an langileek egindako “eskaria” onartu behar izan duela dio sindikatuak. Udal Gobernu aldaketak eragina izan duela gaineratu du: “Maiatzaren 29an Udal Gobernuan sartu zen taldeak (Abotsanitzek) guztiz bestelako jarrera izan du, orain arte EAJrenak izan duenarekin alderatuta”.
Langileen akordioa “oso positiboa” dela uste du sindikatuak, eta langileen borroka eta borondate politikoa “uztartzean” administrazioaren azpikontratek “baldintza duinak” lortu ditzaketela azpimarratu du.