argia.eus
INPRIMATU
Urteko kanpaina onenaren Argia Saria: Altxa Burua
  • Seme-alabek lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borrokagatik, kanpaina onenaren Argia Saria guraso elkarteek osaturiko Altxa Burua ekimenarentzat izan da. Ekimeneko kide diren Miren Ros eta Izaskun de Miguelek jaso dute Argia Saria.

     

ARGIA @argia 2025eko urtarrilaren 31
Ezkerretik eskuinera: Miren Ros eta Izaskun de Miguel. Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Arrazoi hauengatik jaso du Argia Saria Altxa Burua kanpainak:

"Tekno-utopiak liluratu gintuen; 'teknologiarekin beti da hobeto' mantrak harrapatu gintuen. Eta Chromebookez bete genituen ikasgelak, eta etxeak mugikorrez; sare sozialetara engantxatu ginen; ChatGPTri galdezka ere hasi gara, eta ez ote zaigun kasik eskuz idazten ahaztu.

Baina hara non, tekno-utopiak azkenerako tekno-zalantzak ekarri dituen. Kritikoak diren ahotsak altxatzen ari dira: eskoletako digitalizazioa birpentsatzeaz mintzo dira, deskonexio digitalaren garrantziaz, interneteko eduki desegoki eta irrealez, sare sozialek eta mugikorreko aplikazio ugarik sortzen duten menpekotasunaz, adimen artifizialaren argi-ilunez… eta horrek guztiak bereziki haur eta nerabeengan dituen ondorio kaltegarriez.

Korrontearen aurka egitea ez da erraza, zer esanik ez korronteak halako indarra eta boterea duenean. Gure gaurko sarituek korronte horrekiko iritzi kritikoa sustatzea eta arnasgune bat eraikitzea lortu dute, milaka familiaren indarrak batuta".

“Asko zabaltzen ari da gure mezua eta medioetan agertzen ari gara, baina ezin dugu ahaztu gure fokua”. Altxa Burua ekimeneko Miren Ros eta Izaskun de Miguelek hunkituta jaso dute Kanpainaren Argia Saria, eta begirada jada datozen helburuetan daukate: gurasoak saretzen jarraitu eta haurrak digitalizazioaren ondorioengandik babestean. Entzun hemen saria jaso osteko euren hitzak: