argia.eus
INPRIMATU
Urtebeterako kartzela Def Con Dos-eko abeslariarentzat, sei txiotan “biktimak iraintzeagatik”
  • Auzitegi Gorenak Cesar Strawberry zigortu du, Twitterren "gorrotoaren diskurtsoa elikatu eta terrorismoa legitimatzeagatik". Fiskalak Audientzia Nazionalaren absoluzio epaiari helegitea jarri ondoren etorri da epaia.

ARGIA @argia 2017ko urtarrilaren 19a
(Argazkia: El Diario.es / A. Navarro)

Strawberry urtebeteko kartzelarekin zigortu du Espainiako Auzitegi Gorenak ostegunean zabaldutako epaian. Def Con Dos musika talde ezaguneko abeslaria Twitterren idatzitako hainbat txiorengatik auzipetu zuen Audientzia Nazionalak.

Besteak beste, Francoren diktadurako agintari nagusietakoa izan zen Carrero Blancoren heriotzaren inguruan txantxa egin zuen abeslariak sare sozialean eta ETAk bahitutako Ortega Lara, Eduarno Madina edota Espainiako errege Juan Carlos Borbon aipatzen zituen mezu ironiko eta kritikoak idatzi zituen. Abeslariak berak auzitegian azaldu zuen "dogma politikoetatik harago pentsarazteko" idatzi zituela mezu horiek.

2015eko maiatzean atxilotu zuen Strawberry Guardia Zibilak, beste hainbat lagunekin batera, Araña operazioaren beste fase batean. Audientzia Nazionalak absolbitu egin zuen iazko uztailean. Auzitegi Gorena kritiko azaldu da epai horrekin: "Adierazpen askatasunak ezin du terrorismoaren biktimen umiliazio eta mespretxua gordetzen duten espresioen babesleku izan".

Nolanahi ere, epaimahaikideetako batek kontrako boto partikularra eman du, azalduz txio horiek "krisiak maltrataturiko gazteek osaturiko talde sozial zenbaiten azpikulturaren" parte direla eta haien egoerari "erantzuteko" modu bat direla.

Eduardo Madina Espainiako Kongresuko diputatuak, berriz, txioa idatzi du berretsiz bera ez dela iraindua sentitu eta elkartasuna adierazi dio abeslariari:

Defentsak uste du ez duela kartzelara joan behar izango, bi urte baino gutxiagoko zigorra delako eta aurrekari penalik ez duelako.