argia.eus
INPRIMATU
Eliza batean abortu eskubidea aldarrikatzeagatik, zigorra Mallorcako bost feministen aurka
  • Balear Irletako Probintzia Auzitegiak urtebeteko kartzela zigorra ezarri zien Herrialde Katalanetako bost feministei 2014an abortu legearen aurka eliza batean protesta egiteagatik. Errekurtso eskaera bertan behera utziz, Auzitegi Gorenak epaia berretsi du, askatasun erlijiosoaren aurkako ekintza izan zela argudiatuta.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko abenduaren 27a
Errekurtsoa atzera bota ondoren berretsi du epaia Gorenak

2014ko otsailaren 9an 30 laguneko talde bat Sant Miquel Mallorcako elizan sartu zen, “abortu aske eta doakoa” aldarrikatuz. Elizaren erdialdera iritsi zirenean, elizan ziren herritarrek zein elizako arduradunek ekintza oztopatu zuten eta ekintzaileak elizatik kanporatzea lortu zuten. Guztira, hamar minutuz eten zen meza, epailearentzat nahikoa izan da zigorra ezartzerako orduan.

Dbalears.cat atariak jaso duenez, Gorenak zigor penaleko 523. artikulua ezarri die orain dela hiru urte elkarretaratze hartan parte hartu zuten bost emakumeri. Epaia kontuan hartuz, “askatasun erlijiosoaren aurka” egin izana leporatzen zaie, igandero egiten den zeremonia kristaua oztopatzeagatik. Hamar minutuko ekintza izan bazen ere, Gorenaren aburuz denbora nahikoa izan zen, kontuan hartuz erritu elizkoiek 30-45 minutu inguru irauten dutela eta ohiko dinamika eteteko hamar minutu denbora “nahikoa” dela argudiatuta. Intentzio osoz eginiko ekintza izan zela ere ondorioztatzen du.