argia.eus
INPRIMATU
Urtebetea egin du Juan Guaidoren fikziozko gobernuak
  • 2019ko urtarrilaren 22an inork gutxi zekien Juan Guaidó Venezuelako opositore eskuindarra nor zen. Urtarrilaren 23an ordea, mundu osoko hedabideetan agertu zen. Bere burua presidente izendatu zuen AEBek babestuta. Urtebeteren ostean, ez du estatu-botererik lortu.

Axier Lopez @axierL 2020ko urtarrilaren 24a
Argazkia: Izazkun Bilbao

Caracaseko auzo aberats batean egin zuen presidente izateko zina 2019ko urtarrilaren 23an. Horren ostean, geopolitikaren esparruan gutxitan ikusi gabeko abiadan, mundu osoko botere faktikoak kokatzen hasi ziren arrapaladan: gobernuak, multinazionalak eta hedabideak. AEBetako Gobernuak Guaidóri segituan adierazitako babesak ireki zion atea fikzioa errealitate bihurtzeko aukerari. Asmoa argia zen: nazioarteko presioaren bitartez, Venezuelako herritarren artean zalantzak sortu eta Venezuelako armada zatiarazi.

Urtebeteko perspektibatik ikusita, autoizendatutako gobernu paraleloaren amarruak huts egin du. Ordutik hona, armen bitartez egindako saiakera bortitz bat tarteko, Guaidok ez du lortu Venezuelako Estatuaren aparatu bakar baten gaineko kontrolik, ezta lurralde zatiren batean ere. Nazioartean bai, ordea, multinazionalen menpeko hedabideen gehiengoaren azaletan polito agertu izan da sarri giza eskubideen defendatzaile, demokraziaren aldeko ekintzaile ala laguntza humanitarioa lortzeko kontzertu antolatzaile gisara.

Washingtonetik sortutako artefaktu politiko honek 2019ko erdialdean hartu zuen beheranzko joera. Helburua boterea azkar lortzea zen, denborak haien kontra jokatzen zuen, eta hilabeteekin batera, sutu nahi zuten giroa epeltzen joan da. Presentzia mediatikoa txikitu, herritarrak mobilizatzeko gaitasuna kaltetu eta indar opositoreen arteko batasun ahula pitzatzen hasi da.

Halere, fikziozko filma ez da amaitu. Igandean nazioarteko tour bati ekin zion gobernu eskuindarren eskutik. Aurrena Kolonbiako Ivan Duquerekin izan zen, ondoren Erresuma Batuko Boris Johnsonekin eta azkenik Bruselan, nazioarteko kanpo aferetarako ordezkari Josep Borrellek eman zion ostatu. Tartean agertu da Angela Merkel, Ivanka Trump, Tony Blair edo gurean haren defendatzaile sutsuena izan duen EAJko europarlamentari Izazkun Bilbao bezalako politikariekin ere.

Showak kosta ahala kosta jarraitu behar du. Filmaren amaiera oraindik ez dugu ikusi.