Urriaren 21erako, mobilizazioak deitu zituen Gernika Palestina izena hartu duen sareak. Palestinak pairatzen duen genozidioa salatu, eta bakearen alde egiteko ekimena omen da, eta nekez jar gaitezke bi kausa horien kontra. Elkartasunak palestinarren alde lerratzera garamatza, eta gizatasunak bakearen alde kokatzera. Nola ez dugu errekonozituko hamarnaka boluntariok sare honetan (eta, batez ere, honetatik eratorritako taldeetan) egindako lana.
Badira, ordea, zeharkako hainbat informazio deialdi honetan, bestelako interesen inguruan kokatu ditzakegunak. Hain zuzen, Aieten egindako deialdi honek, 2023ko urriko manifestazioa oroitzeko helburua du, eta baita Espainiako Gobernuari arma enbargoa eskatzekoa ere.
Goazen orain, datara. Urriaren 21ean Euskal Herrian Palestinaren alde egindako manifestazio jendetsuenetakoa egin zen, eta ez zen gutxiagorako, egoeraren gordintasunaz jakitun. Hala, lehengo urtean bizitakoa oroitzea ez dago soberan. Manifestazioaren “deitzaile”tzat harturiko batzuk azaldu zutenez, deialdiaren edukia eta publiko egiteko datarekin engainatuak izan ziren. Hain zuzen, Palestinarekin elkartasun mugimendua azken hamarkadan dinamizatu duten eragileek (egun BDZ gisa ezagutuak), manifestazio nazional zabal bat egin nahi zutela jakinda, eta beste hamaika eragileren artean berau antolatzeko gonbidapena mahaigainean zutela, erabaki zuten batzuk “Gernika Palestina” sortzea. Aurreikusia baino bi egun lehenago publiko egin zuten, lobbykeriaz.
Bestela esanda, herritar haserrea katalizatzeko tresna sortu zuten, haserre hori desbideratu eta epeltzeko. Inongo konpromisorik gabeko diskurtsoa (boikot hitza bera ekidin eta genozidioa zenik ukatzen zuena) gailendu zedin, herri mugimenduen gainetik pasa eta beren lider politikoen argazkiak bermatzea izan zuten helburu. Bide batez, palestinarren genozidioa euskaldunotaz hitz egiteko probestea. Gernikaren herria garela azpimarratzea, apartheidaren trena eraikitzen duen CAFen herria ez bagina bezala. Solidario bezain perfektu azaltzea.
Askok harriduraz begiratzen diogu duela hamabost urte Boikot, Desinbertsio eta Zigorren alde lerratu ziren alderdi politiko eta sindikatuei, genozidioaren gogorrenean horiei uko egin eta muturreko epelkerian erortzen direlako
Datak, hala, lekura garamatza. Duela urtebete Gernika azpimarratzetik, Aiete azpimarratzera. Hemen egindako baketze bidea mundu mailan esportatzera. Erretzaileek diotenez, erretzaile ohiak baino gogaikarriagorik ez dago, eta ezker abertzaleak munduan zabaldu nahi du lezioa. Politikari demokrata serioak izateko beren espedienteak garbitu nahi dituzte. Noizbait errespetatu baditu, orain ez ditu errespetatzen beste herrien bideak. Iragarkiak dioen bezala, hemen egoari Bake esaten diogu.
Zer da, bada, bakea? Gernika-Palestinak sustatuta, alderdi politiko eta sindikatuek diote bakea Nazio Batuek dakartela. 2023ko urriaren 6ra itzultzea ei da helburua, palestinar genozidioa poliki zihoan garaira, Abrahamen Akordioekin Israelgo Estatua zilegi egiten zen sasoira, Palestinaren heriotza motelera. Bi estatu, bakean, bata bestearen botapean, eta negozioak (Sener, Caf, Spri, Ertzaintza...) arazorik gabe loratzen.
Eta aldarrikapenetara joanda... “aurrerapausoa” alderdi hauek gobernuari arma-enbargoa eskatzea omen da. Tontoak ez garenez, konturatu gara Espainiako Gobernua eta inbestidura-blokearen Hego Euskal Herriko indar guztiak daudela eskakizun honetan. Baina, zeure buruari egindako eskakizunak sinatu eta ez burutzea... ez al da hipokrisia?
Sindikatuen kasuan, antzeko. Errazagoa da kontzientzia garrasika estaltzea, afiliatuekin batera gure lan zentroetan sionismoak metatzen duen indarra arakatzea baino. Hobe da liberatuen mobilizazioak iragartzea, enpresetan (kontzientziaz, ikerketaz, lanuzte, intsumisio edo ekintzaz) jardutea baino.
Halako asmoak zilegi dira, noski. Hala ere, askok harriduraz begiratzen diogu duela hamabost urte Boikot, Desinbertsio eta Zigorren alde lerratu ziren alderdi politiko eta sindikatuei, genozidioaren gogorrenean horiei uko egin eta muturreko epelkerian erortzen direlako.
Asko gertatu da urtebetean, eta gutxiegi egin dugu. Gure okerrekin, beste hamarnaka herritarrek ere palestinarren alde kolonialismo, arrazakeria eta inperialismoaren aurka, antolatzen jarraitzen dugu.
Estrategiak adosten saiatzen gara, baliabide gutxi eta muga askorekin (tekniko, politiko...) konplizitateei aurre egiten diegu, tarteka garaipen txikiak lortzen ditugu. Eta bide honetan, tripako minak, lagun arteko xextrak eta denbora galtzeak badakartza ere, aurpegi garbiketak ere salatuko ditugu.
Lur Atxesburu, militante internazionalista