argia.eus
INPRIMATU
Urtebete ezer kontsumitu gabe
  • Kontsumo gizarteari ihes egiten ahal zaiola frogatu du Greta Taubert 30 urteko kazetari alemaniarrak. Urtebete egon da ezer erosi gabe eta Apokalypse jetzt! (Apokalipsia orain!) liburuan bildu du esperientzia.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2014ko uztailaren 07a
Greta Taubert, hondakin kontainer batean gauza birziklagarri eta erabilgarri bila.

Urtebetez, trukean oinarritu da Tauberten sistema ekonomikoa, baratzean jardun du elikagaiak lortzeko, berak egindako txanpu, krema eta hortzetako pasta erabili ditu, autoestop eginez Bartzelonako okupa etxe batean pasa ditu oporrak, komun idorrak baliatu ditu, jendeak zaborretara botatako hondakin birziklagarriak bilatu ditu...

Ekintza honen bidez, kontsumo kateen menpekotasunetik urrundu eta bestelako ekonomia eredu solidario eta jasangarriagoaren alde egin nahi izan du Taubertek. Gogoratu du, adibidez, Alemanian 2012an zazpi milioi tona jaki bota zituztela zaborretara (batez beste 81,6 kilo pertsonako).

Abentura abiatu aurretik, Alemaniako Turingia oihanean bizi diren aitona-amonak bisitatu zituen, “haiek gu baino askoz azkarragoak direlako; txerria hiltzen dakite, fruitu kontserbak prestatzen, pattarra destilatzen...”.

Sistemari muzin egiten dioten herritar ugari

Harrituta dago kazetaria, esperientzia honi esker ikusi duelako herritar asko direla sistematik at bizitzen saiatzen direnak, neurri txikiagoan edo handiagoan. “Jende asko dago kontsumo gizartetik independente izaten dakiena, eta ez bakarrik ekologistak edo alternatiboak”. Badira basoan fruitu, sustrai eta belarrak biltzen dituztenak, etxea elkarbanatzen dutenak, hiri-baratzeak atondu dituztenak, aparailuak konpontzeko gai direnak, arropa edo zerbitzuak trukatzen dituztenak,  “zuk zeuk egin” filosofiaren aktibistak, komunitarismo jasangarriaren aldekoak...

Komunitatea dirua baino askoz indartsuagoa dela dio, elkarri lagunduz baino ezin dugula biziraun, baita belaunaldien artean ere. “Zeinek daki barazkigintzaz? Nork lagunduko dit aparailua konpontzen?... Ez da baliagarria soilik salbuespen egoeretarako. Bizitza eta ekonomia besteekin partekatzeak pertsonalki aberasten gaitu eta bizitzarekiko bestelako ikuspegia lortzen da. Komunitatean, beldurra desagertzen da”.

Kazetariak gogoratu duenez, “gure sistema ekonomikoak hazkunde mugagabea du oinarri, baina gure mundu ekologikoa mugatua da”. Bere hitzetan, egungo eredu ekonomikoaren mugez kontzientziatzeko balio izan du krisiak eta “jendeak ulertu du erreskate planek edo Europako Egonkortasun Mekanismoak ez dutela ezer konpondu”.

Egun, urtebetez ikasitakoa egunerokoan praktikan jartzen saiatzen da Greta Taubert.