argia.eus
INPRIMATU
Urte hasieran edo bukaeran jaiotzeak zein eragin du eskolan?
  • Pasa den abenduan eta urtarril honetan jaio diren bi haurren artean egun batzuetako aldea besterik ez dago, baina eragina izan dezake eskolan, antzeko garapen prozesua daramaten bi haurrak ikasturte ezberdinetan matrikulatuko baitituzte.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko urtarrilaren 02a
fardela uzteko unea, motrizitatean hainbat lorpen egitekoa edo bestelako aurrerapausoak ematekoa noiz iristen zaion bakoitzari, horretan ere eragin dezake zein hilabetetan jaio zaren. Argazkia: Freepik

Neurona askorekin jaiotzen gara, baina denak ez daude konektatuta, konexio horiek prozesu mailakatua dira, bizi ditugun esperientziek indartzen eta finkatzen dituzte. Beraz, urte berean baina urte hasieran eta bukaeran jaio diren bi umeren artean, hasieran jaio denak bide luzeagoa du egina garapenean. Ezberdintasun neuronal horiek errealitatea dira, batez ere haur hezkuntzan eta lehenengo hiru urteetan. Haur bakoitza mundu bat da eta jaio zaren data ez da faktore determinantea, baina bai kontuan hartu beharreko faktorea, azaldu du Anna Serra psikopedagogak Criar.cat-en.

Hainbat herrialdetan edota metodologia pedagogiko batzuei jarraiki, heldutasun probak egiten dizkiete umeei, aztertzeko ea zenbait prozesu kognitibo eta mental aurrera ateratzeko prest dauden. Gurean, ohikoena da adin kronologikoaren arabera matrikulatzea haurrak eskolan, eta horregatik psikopedagogoak dio inportantea dela familiek eta irakasleek haurrak elkarren artean ez konparatzea eta bakoitzak duen erritmo eta heldutasun garapenari arreta jartzea: haurra laguntzea eta akonpainatzea, alderaketarik egin gabe eta austoestimua zainduz. Azken finean, fardela uzteko unea, motrizitatean hainbat lorpen egitekoa edo bestelako aurrerapausoak ematekoa noiz iristen zaion bakoitzari, horretan ere eragin dezake zein hilabetetan jaio zaren, hilabete batzuk beranduago jaio denak teorian hilabete batzuk beranduago egingo du, baina sarri ikasturte bereko haur guztiei antzekoa eskatzen zaie.

Oharra ere egin du Serrak: ikasleak ikasturtea errepikatzeak edota adinaren arabera dagokion ikasturtea baino maila beheragokoetan jarduteak ez luke estigmatizatuta egon behar eta hainbatentzat lagungarria izaten da.

Hainbat herrialdetan edota metodologia pedagogiko batzuei jarraiki, heldutasun probak egiten dizkiete umeei, aztertzeko ea zenbait prozesu kognitibo eta mental aurrera ateratzeko prest dauden

Haur goiztiarren matrikulazioa, aukeran

EAEn, gurasoek erabaki dezakete haurdunaldiaren 32 asteak baino lehenago jaio den haurra matrikulatzea jaio den urtearen arabera edo 40 aste beteta jaioko zatekeen urtearen arabera. Adibidez, 2023ko azaro erdialdean 31. astean jaio den haur goiztiarra gurasoek matrikulatu dezakete 2023an edo 2024an jaio balitz bezala, haur hezkuntzan. Seme-alaba goiztiarren gurasoek urteak zeramatzaten lege aldaketa eskatzen, hori egin ahal izateko.