argia.eus
INPRIMATU
Urte eta erdiko espetxe zigorra Sanferminetako talde bortxaketaren tour turistikoa iragarri zuen webgunearen sortzailearentzat
  • Gizonezko batek Sanferminetako talde bortxaketan girotutako bisita turistikoak iragarri zituen sarean. Bortxaketa pairatu zuen emakumearen integritate morala kaltetu izanagatik, urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio Iruñeko 1. Zigor Epaitegiak.

ARGIA @argia 2019ko abenduaren 11
Nafarroako Auzitegiak talde bortxaketa abusutzat jo ostean egindako protestetako bat, Iruñean (Argazkia: Ekinklik)

Azaroaren 26an egin zuten Tour La Manada izeneko webgunearen sortzailearen aurkako epaiketa. Auzipetuak, 39 urteko gizonezkoak, 2016ko Sanferminetako talde bortxaketan girotutako bisita turistikoak iragarri zituen sarean; bost bortxatzaileek egin zuten bidea egitea proposatzen zuen webguneak, “La Manada taldeko bostek euren argazkirik famatuena egin zuten tokitik, Zezen Plazaren aurrean identifikatu eta atxilotu zituzten tokiraino”.

Akusazio partikularrak, integritate moralaren aurkako delitua eta gorroto delituak leporatuta, hiru urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra eskatu zituen akusatuarentzat, baita 4.050 euroko isuna eta 20.000 euroko kalte-ordaina ere. Fiskaltza, bere aldetik, absoluzioaren alde agertu zen.

Epailea bat etorri da akusazio partikularrarekin, bisita gidatuen iragarkiak, faltsuak izanik ere, bortxaketa pairatu zuen emakumearen “integritate morala” eta buru osasuna kaltetu duela iritzirik. Argudiatu du bortxaketaz geroztik emakumeak traumaren osteko estres sindrome kronikoa duela, eta webguneak larriagotu egin zuela. Adierazi duenez, webgunearen berri izateaz batera, emakumea medikatzen hasi behar izan zen berriz, eta ordutik maiatzera arteko tartea behar izan du “nolabaiteko normaltasun egoera” berreskuratzeko.

Ondorioz, Iruñeko 1. Zigor Epaitegiak urte eta erdiko espetxe zigorra eta 15.000 euroko kalte-ordaina ezarri dizkio auzipetuari.

Webgunearen sortzaileak bertsio berari eutsi dio hasieratik gaurdaino: “Hedabideek bortxaketaren auzian jokatu duten rola” salatzea zela bere asmoa. “Txantxa” bat zela argudiatu du, “biktimak berak eta haren abokatuak sinetsi” dutena.

Bortxaketa pairatu zuen emakumeak aldiz, webguneak “lotsa” eta “umiliazioa” sentiarazi zizkiola adierazi zuen epaiketan. “Nire lepotik trufaka ari zirela iruditu zitzaidan”, bere hitzetan. Horrek traumaren osteko estres sindromearen sintomak larriagotu zizikiola azaldu zuen; hala nola, antsietatea, palpitazioak, insomnioa eta goragalea.

Magistratuaren arabera, biktimak jakinarazitakoak argigarri dira ondorioztatzeko webgunea ez zela txantxa edo kritika soila, “biktimaren umiliazioa eragin zuen integritate moralaren kontrako delitu bat baizik”.