argia.eus
INPRIMATU
Urtebetean 745.000 pertsona hil dira lanaldi luzeen ondorioz
  • OMEren eta LANEren azterketak mahai gainean jarri dituzte lanaldi luzeek eragindako garun-hodietako istripuen eta kardiopatia iskemikoen ondoriozko heriotzak, 2000 eta 2016 bitartean, %29 igo dira.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko maiatzaren 25
Argazkia: Princepcub3

Heriotza horien zergatiak bihotzekoa eta iktusa izan ohi dira, baina hainbat kasutan zergati horiei benetako arrazoia falta zaie: ordu gehiegi lan egitea. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eta Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) aste honetan argitaratutako ikerketan lan-jardunaldi luzeen ondorioz munduan izandako heriotzei buruzko zifrak jakinarazi dituzte lehen aldiz. 2016. urtean, astean 55 orduko edo gehiagoko lanaldiek 745.000 heriotza eragin zituzten garun-hodietako istripuengatik eta kardiopatia iskemikoengatik, 2000. urtean baino %29 gehiago.

Lan asko egiteak hil dezake, eta ikerketa honen bidez kuantifikatu nahi izan dute. ElDiario.es-ek jakinarazi duenez, nazioarteko bi erakundeek Environment International aldizkariak argitaratu duen lan-jardunaldi luze horien ondoriozko bizi- eta osasun-galeraren lehen mundu-azterketa egin dute.

Alde batetik, ordu asko lan egiteak estresari ematen dizkion erantzun biologikoak azpimarratu dituzte, sistema kardiobaskularrean deserregulazio funtzionalak eta egiturazko lesioak eragin ditzaketenak. Bestalde, ikerketak dioenez, hainbeste orduz lanean aritzeagatik "estresari jokabidez emandako erantzunek" ere heriotzera eraman gaitzake, hala nola tabakoaren kontsumoak, alkoholak, osasungarria ez den dietak, jarduera fisikorik ez egiteak eta lo faltak.

Azterketaren emaitzen arabera, 398.000 pertsona inguru hil ziren garun-hodietako istripuengatik, eta beste 347.000, astean 55 orduz edo gehiagoz lan egiteagatik kardiopatia iskemikoengatik.