Begi bistaz zentzugabea dirudien eztabaida batekin hasten da zutabea: 2024 gure literatur ale horietako bat balitz, nola deituko zeniokete?
Erantzunik topa ezean, ordu erdi ematea aurtengo bizipenei begira; Instagrameko artxibatuetan sartu lehenik, eta Twiterrera pasa horiek bukatzen direnean. Banan-banan pasatu ditugu idatzitako ohar eta ideia guztiak, plazaratu ditugunak eta Drive-an lurperatuta geratu direnak. Urtea irakurtzeko modu bat, kapituluz-kapitulu.
Urte betean gauzak aldatu daitezkeen edo bi alek zer edo zer aldatzeko duten botereaz hitz egin genezake. Helburu bat aurkitzeaz. Pertsona bat gehitzeaz. Tendentziak identifikatzeaz. Lehen istripua izateaz. Leku hartara bueltatzeaz. Iritzia emateaz. Aita zure erruz lanetik botatzeaz. Ama izateaz. Idazteko moduan eragiteaz. Goizeko ordu bietan deliratzeaz. Esateko zerbait edukitzeaz.
Denbora aditzeko bi era daude: lineala eta ziklikoa. Bada urte baten joana inoiz bueltatuko ez delako dolua, baina bada ere urte berri bat fase berri bat hasten delako aukera. Otsaila berriro, udaberria, uda eta urtebete barru hemen berriro. Beti berdina baina behin bakarrik.
Adio esateko ongietorri esan beharra ere badago.
Urtea amaitzeko ordu batzuk besterik falta ez direnean urduritzen hasiak dira denak: ama, aita, Pedrotxe, BronKano, 'Vaya Semanita'ko aktore denak eta ARGIAko gure nagusia
Urtea amaitzeko ordu batzuk besterik falta ez direnean urduritzen hasiak dira denak: ama, aita, Pedrotxe, BronKano, Vaya Semanitako aktore denak eta ARGIAko gure nagusia. Urtarrilaren batean hamaika dira urtean zehar egin beharrekoak. Edo hamabi.
Datorren urterako helburuak xedatzea ez da lan makala, hainbeste aldatu ostean potentzialitate handia ere badago. Batek daki hemen izkiriatuta geratzen dena iragarpena ala ametsa ote den. Urteari itxiera ematea, aleak lez, bat amaitu eta beste bati bidea eraikitzen hasi. Behean egon, gutaz entzun omen eta nahigabe bada ere, pistola kargatzen laguntzen du.
Urrunera begira hasi nahi dut urtea. Urrunera begira hasi nahi dut urtea. Urrunera begira hasi nahi dut urtea. Urrunera begira hasi nahi dut urtea. Urrunera begira hasi nahi dut urtea. Urrunera begira hasi nahi dut urtea. Urrunera begira hasi nahi dugu urtea.
Urte berrirako helburuak:
- Gehiago irakurri (gure zutabeak ezin dira gure asteko irakurketa bakarra izan).
- Jendearengana gehiago hurbildu eta batez ere hartu-emana bi noranzkoetan izan dadila.
- Alea atera eta alearekin zerbait egin.
- Furgoneta erosi edo, behintzat, faktura bat egiten ikasi (Euskal furgesia wannabe).
- Konstantzia handiago batekin geratu (guarras): idatzi eta partekatu.
- Eragin.
- Gure influentzer alderdia berriro hauspotu.
2024 urtea ale bat balitz Karga deituko genioke, aurki jakingo duzue zergatik. Bide batez, jakin ezazue ez dugula sekula ere beste testurik idatziko. Hurrengo urtera arte.