Euskal preso eta iheslarien egoerari dagokionez azken urtean aurrerapauso esanguratsurik eman ez dela iritzirik, egungo dinamika “ofentsiboagoa eta determinatuagoa” den beste batengatik aldatuko du Bake Bidea-k. Urtarrilaren 8an Baionan egingo den manifestazioarekin emango diote hasiera fase berriari.
Urtebeteko epean “euskal preso eta iheslarien auziaren konpontze orokorraren aldeko pausu esanguratsurik” eman ez dela iritzirik, 2022ko lehen sei hilabetekoan “ofentsiboagoa eta determinatuagoa” izango den dinamika abiatuko duela iragarri du Bake Bidea-k. Fase berri horri urtarrilaren 8an emango diote hasiera, Denbora guti dugu! Unai, Jon eta Jakes gurekin lelopean Baionan egingo den mobilizazioarekin.
Hitzordu horren aurretik ere deitu dituzte biltzera herritarrak. Izan ere, iragarritako fase berri horren eraikuntzari begira jartzeko, abenduaren 4an Hiriburun bilera deitu dute. Goizeko 09:00etatik 12:30ak arte iraungo du bilerak, eta La Perle gelan egingo da.
Azaroaren 24a Xistor Haranburu euskal preso ohiaren baldintzapeko askatasunaren urtemuga izanik, data hori aukeratu du Bake Bideak dinamika aldatzeko hautuaren berri emateko. Izan ere, azaldu dutenez, 2020ko irailaren 19an Baionako suprefeturan murrua altxatzearekin etapa bat eman zitzaion hasiera, baina handik gutxira Pariseko Dei Gorteak Xistor-en baldintzapeko askatasuna onartu izanak, aurreikusita zeukaten ekintza desobedientea bertan behera uztera eraman zituen. “Betiere, euskal presoen gaiari aterabide bat atzemateko eta Jakes Esnalen eta Ion Paroten askatasunaren aldeko keinuren etorriko ote zen zain ginela azpimarratuz”.
Alabaina, ordutik urtebete igaro den honetan aurrerapauso esanguratsurik eman ez dela deritzo Bake Bideak: “Euskal presoen eta bereziki Jon Paroten eta Jakes Esnalen auziak konpontzeko borondate eskasa ondorioztatu behar dugu, baita Espainiar Estatuan preso den Unai Paroten kasuan ere”. Hargatik, ofentsiboagoa izango den fase bat abiatzeko hautua egin dute.