argia.eus
INPRIMATU
U9-an presoen alde mobilizatzera deitu dute: “Ezin dugu normalizatutzat jo normalizatuta ez dagoena”
  • Bakearen Artisauek, Bake Bideak eta Sarek asteazkenean eskaini duten prentsaurrekoan urtarrilaren 9an euskal presoen eskubide urraketen aurka mobilizatzera deitu dute. Ipar Euskal Herrian "Argi dugu, bakeranzko bidea, orain presoak" lelopean Baionan egingo dute protesta nagusia; Hego Euskal Herrian "Bidea gara" lelopean herriz herri egin dituzte dealdiak.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 23a
Berhokoirigoin, Funosas, Azkarraga eta Oiartzabal.

Mixel Berhokoirigoin, Anais Funosas, Joseba Azkarraga eta Inaxio Oiartzabalek eman dute prentsaurrekoa Donostian. Bertan adierazi dute euskal presoek mugaren bi aldeetan bizi duten eskubideen urraketa desagerraraztea dutela helburu eta urtarrilaren 9an 17:30ean egingo dituzten deialdiak hori lortzera zuzenduta daudela.

"Onartu behar dugu azken hilabeteetan inguruabar itxaropentsuak ikusi eta bizi izan ditugula, Espainian zerbait mugitzen ari baita presoak hurbilago dauden espetxeetara aldatuta, hurbilketa mugatuak badira ere. Frantziarekin, blokeo inportante baten aurrean topo egin dugu azken urte honetan. Gehiengo politiko eta sozialaren aldarria eta borondateari uko eginez, iraganari kateatuz, bide juridikoak deuseztatzeko apustua egin zuen fiskaltzak. Fase mobilizatzaile berri baten beharra, partekatu eta gauzatzeko apustua egitera eraman gintuen Ipar Euskal Herrian. Erabat ilundua zegoen tunelari, argitasuna emateko. Xistor Haramboure-en baldintzapeko askatasunarekin, 2020. urtea itxaropen-izpi batekin bukatzen da. Argi hauskorra, baina etorkizun handikoa egin nahi duguna...", adierazi dute.

Hego Euskal Herriari dagokionez, "hurbilketak izan ditugu ia astero, baina salatu behar dugu gehienak ez direla izan Euskal Herriko espetxeetara eta oraindik ere etxetik ehunka kilometrora daudela. Beraz, ez gaude urruntze-politikaren amaieran", adierazi dute.

Preso batzuen familia eta lagunek hauek bisitatzera joateko kilometro gutxiato egin behar badituzte ere, "ezin dugu normalizatutzat jo normalizatuta ez dagoen egoera".

"Urruntze-politikaren amaiera egitate bat izango da preso guztiak Euskal Herrian daudenean. Haien eskubideen urraketa amaitutzat jo ahal izango dugu etxerako bidea hasteko aukera mugatzen ez zaienean, eta, horretarako, gradu-progresioa aplikatu behar zaie. Eskubideen urraketa amaitutzat jo ahal izango dugu gaixotasun larriak dituzten presoak espetxetik ateratzen dituztenean. Eta adinekoak aske uzten dituztenean. Baina, zoritxarrez, errealitate hori urrun dago oraindik", adierazi dute.

Datu batzuk ere eman dituzte: 107 preso lehen graduan daude, 70 preso bigarren graduan eta bederatzi preso baino ez hirugarren graduan. Horrez gain, salatu dute azken 9 hilabeteetan, 80 neska-mutiko baino gehiagok ez dutela aukerarik izan preso dauden ama, aita edo biak besarkatzeko. Eta bidaiatzeko aukera izan badute, 1.000 kilometrotik gora egin behar izan dituztela jarri dute mahai gainean. "Normalizazioa berandutzen ari da. Urte asko dira euskal presoei salbuespen-erregimena aplikatzen zaiela".

Horrenbestez, Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatu diete "epe hauek gehiago ez luzatzeko, beren legedia aplikatzeko eta gizatasunez jokatzeko".