argia.eus
INPRIMATU
Urtarrilaren 2an lasterketa egingo du Ernaik Bilbon, preso eta iheslarien alde
  • Espetxean dagoen euskal preso politiko bizkaitar bakoitzeko, gazte batek korrika egingo du urtarrilaren 2an Bilbon, Ernairen "Gazteok zuekin" dinamikaren baitan.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 24a
(Argazkia: Ernai Larrabetzu)

Asteazkenean "Gazteok zuekin" dinamika aurkeztu du Ernaik Bilbon, gazteen elkartasuna eta konpromisoa helarazi asmoz EPPKri. Agerraldian jakinarazitakoaren arabera, urtarrilaren 2an Bilbo zeharkatuko duen lasterketa antolatu dute, bi helburu nagusirekin: batetik, "preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko jarduna indartu eta hauspotzea, eta bide horretan gazteok ere bidea egingo dugula adierazteko gure alea jartzea"; eta bestetik, "Euskal Herriari eta euskal gazteriari dei argia luzatzea, Euskal Herrian, gatazka politikoaren ondorioak bizi dituen azken belaunaldia izan gaitezen".

Bizkaiko euskal preso politiko bakoitzeko, gazte batek parte hartuko du lasterketan; orotara, 82k. Emandako zehaztapenen arabera, korrikaldiari 11:30etan emango diote hasiera Deustuko Done Petri plazan, eta Areatzako zubian amaituko da.

Egitaraua borobiltzeko, ekitaldia egingo dute ostean Arriaga plazan, "euskal gizarteari helarazteko euskal preso, iheslari eta deportatuek kalean egon behar dutela, eta preso eta iheslaririk gabeko Euskal Herriaren alde, bakean eta askatasunean biziko garen Euskal Herri askea aldarrikatzen dugula".