Urtero bezala, 2020aren hasieran, Izan Media herri komunikazio tailerrak antolatuko ditu Hala Bedik. Aurtengo hitzordua urtarrilaren 17 eta 18an izango da, Oihaneder Euskararen Etxean.
Izan Media tailerrek data berria dute dagoeneko. Edizio berria bi egunetan banatuko da: Urtarrilaren 17an, Prentsa eta Sare Sozialei buruzko tailerra eta 18an, Irratigintza, Bideogintza eta Kartelgintza tailerren artean aukeratu beharko da, tailerrak egun osokoak izango dira.
Tailerretan parte hartzeko, aldez aurretiko izen ematea beharrezkoa izango da, azken eguna urtarrilaren 11a izanik. Matrikula 10 eurotan da, eta Hala Bediko USBa ere banatuko zaie parte hartzaileei, tailerren eduki teoriko eta hainbat baliabideekin.
Izena emateko, ondoko formularioa bete behar da. Larunbatean, denok batera bazkaltzeko aukera egongo da, baina horrela zehaztu beharko da formularioan. Ostiralean, 17:00etatik 20:00ak arte izango da tailerra, eta larunbatean aldiz, 10:00etatik 14:00ak arte eta 16:00etatik 19:00rak arte.
Bideogintzan, irratigintzan, kartelgintzan eta prentsa eta sare sozialen kudeaketan sakontzeko lau tailer eskainiko dituzte Izan Media tailerrak.
Komunikabideek mugitzen dute mundua. Askotan errepikatuagatik, oharkabean ahazten dugun egia horietako bat da. Komunikatzen ez dena, azken batean, ez delako existitzen. Zerbaiten parte izan nahi duenak, beraz, komunikatzeko beharra dauka. Edo beste era batera esanda: izan nahi dugulako komunikatzen gara.
Hedabide nagusiak gutxi batzuen eskuetan dauden garaiotan, bestelako gizarte eredu baten alde lanean gabiltzanontzat, egiten duguna behar bezala komunikatzea ezinbestekoa da. Eta horretarako, eskura ditugun tresnak ahalik eta ondoen erabili behar ditugu.
Hori da, hain zuzen ere, Hala Bedik antolatutako Izan Media tailerren helburua. Irratsaio bat, bideo bat zein kartel bat egiten trebatzeaz gain, herri mugimendutik prentsa eta sare sozialen lanketa egokia egiteko formakuntza ere izango da. Gainera, Hala Bedi hobeto ezagutzeko eta bertan parte hartzen hasteko aukera aproposa da honako hau.