argia.eus
INPRIMATU
Bilbon presoen aldeko “itsasoa” sortzeko deia egin dute
Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko azaroaren 11

“Tantaz tanta itsasoa gara” ekimenaren manifestua aurkeztu dute 200 lagunek Gernikako Astran; eta urtarrilaren 11n Bilbon presoen eskubideen alde egingo den “itsaso erraldoian” parte hartzeko gonbitea luzatu dute.

Manifestuaren aurkezpeneko bideoa.

“Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira”  leloa izanen du mobilizazioak. Berrikuntza gisa, egitasmoak ez du manifestazio itxura izango. Itsaso zabala irudikatu nahi dute antolatzaileek eta ez da pankartarik, politikarien adierazpenik eta amaierako komunikaturik izanen. “Marea baten antzera, Bilbon ez ezik, testuinguru politiko eta sozial osoan” eragingo duen protesta burutzea dute helburu antolatzaileek.

Manifestuan adierazi bezala, "herri honen gehiengo sozialak bilatzen dituen oinarrizko hiru eskaeren inguruan" biltzen da ekimena: sakabanaketaren amaiera, gaixotasun larriak pairatzen dituzten presoen askatasuna eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrinaren kontrako sententzia aplikatzea.

Espainiako eta Frantziako estatuen "blokeoaren" aurrean, konponbidearen giltza herritarren esku dagoela uste dute deitzaileek. Egoera iraultzeko ezinbesteko ikusten dute jendartearen inplikazioa.

Informazio gehiago ekimenaren webgunean eta Twitterreko kontuan.

Konponbiderako bidean, biktima guztien aitortza eta erreparazioa

Gernikako aurkezpenean, gatazkak utzitako zauriak itxi eta pilatutako sufrimendua arintzeko pertsona guztien eskubideak errespetatzea beharrezkoa dela adierazi dute deitzaileek. Ildo horretan, euskal preso eta iheslariei eta haien gertukoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurrien amaiera eskatu dute.

“Nazioartean izan diren esperientzia guztiek erakusten dutenez, gatazka bat itxi nahi denean haren ondorioei heldu behar zaie nahitaez, besteak beste, biktima guztiei aitortza eta erreparazioa emanez eta preso eta iheslariak etxeratzeko bidea markatuz”, dio manifestuak.

Atxikimendu uholdea

Deialdiak atxikimendu ugari jaso ditu jada. Gernikako aurkezpenean jendarteko sektore anitzetako hainbat aurpegi ezagun bildu ziren, besteak beste, Itziar Rekalde aktorea, Cesar Manzanos soziologoa, Jesus Barredo kazetaria, Miren Amuriza bertsolaria, Iñaki Olasolo kazetaria, Pirritx eta Porrotx pailazoak, Juan Ibarrondo idazlea, Axi Muniain surflaria edota Felix Placer teologoa.

Sostengua adierazi dutenen artean, Estitxu Garai, Amaia Nerekan, Paco Letamendia,eta Arantza Gutierrez irakasleak; Dorleta Urretabizkaia, Ainere Tolosa, Eneko Sagardoi, Itziar Ituño eta Gorka Zubeldia aktoreak; Ines Osinaga, Txerra Bolinaga, Pello Reparaz, Joseba Tapia eta Amaia Zubiria musikariak edota Eider Rodriguez, Iban Zaldua,  Irati Jimenez, Oskar Arana, Jon Alonso, Tere Irastorza, Patxi Zubizarreta Toti Martinez de Lezea eta Ion Arretxe idazleak daude.

Kanpaina abian, lanketa herriz herri egiteko tenorea

Ekimena aurkeztuta, abiatu da kanpaina eta urtarrila bitartean herriz herri eta auzoz auzoko lanketa egiteko nahia adierazi dute antolatzaileek. Jendarteko ahalik eta eremu gehienetara zabaltzeko eta banakakoen atxikimendua bilatzeko jarrera proaktiboa eskatu dute.

Ildo horretan, abenduaren 7an, Durangoko Liburu eta Disko Azokaren datekin bat eginez,  "Tantaz tanta, OLATUA" osatzeko deia egin dute Durangon.