Espainiako Gobernu berriaren eraketa tarteko, 2020ko mobilizazioa esanguratsua izango dela uste dute antolatzaileek. Manifestazioa "bakea, justizia eta bizikidetza ardatz dituen gizartea" lortzeko bidean aurrerapausoa ere izatea nahi dute.
Beste urte batez, euskal presoen eskubideen alde Bilboko kaleak betetzera dei egin du Sarek. Astearte goizez Bilbon egindako prentsaurreko batean, Orain Presoak dinamikaren baitan euskal presoen eskubideen alde urtero egiten den mobilizazioaren data iragarri dute: urtarrilak 11.
“Aktibazio sozial ziklo berri honetan” mobilizazioa “inflexio puntu garrantzitsua” izan behar dela deritzote, azpimarratuz mobilizazio dela “gaur egungo jendarteek daukaten tresna garrantzitsuena gehiengoa artikulatu, jendartea aktibatu eta aldaketa handiak lortzeko”.
Sareko bozeramaile Arantza Aldezabal eta Joseba Azkarragak adierazi dute 2020ko deialdiak esangura berezia izango duela, kontutan izanik aurki Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeak direla eta Espainiak gobernu berria izango duela.
Frantziako Gobernuak azken hilabeteetan “mugimendu esanguratsuak” egin dituela iritzirik, Espainiak “eredu” gisa hartza espero dute. [Espainiako] "Estatuak ez dauka orain arazo bat existitzen ez den erakunde batekin; arazoa, orain, gizartearekin du", adierazi dute; beharrezkoa ikusten dute, presoen egoera hobetzera begira, Espainiako Estatuak erritmoa bizkortzea.
Euskal presoen eskubideentzat mesedegarri izateaz gain, espero dute manifestazioa "bakea, justizia eta bizikidetza ardatz dituen gizartea" lortzeko bidean aurrerapausoa ere izatea.