argia.eus
INPRIMATU
Urtaroak, urtearen aroak edo arorik gabeko urteak
  • Urtaroek baldintzatzen dute erlearen bizi zikloa. Urtaroek zenbat denbora bizi, zenbat lan egin eta noiz deskantsatu.

Balerdipeko erleak @balerdipeko Mattin Jauregi Inaxio Arin 2023ko maiatzaren 22a

Erlauntza udaberriaren berotzearekin hasten da martxan: eguzkiaren epelak loreen hasiera ekartzen du, lore horiek erlauntzaren esnatzea eta garaiko elikagaiak. Udaberria dela esango genuke erlearen ilusiozko urtaroa, neguko hotzak bukatu eta naturaren jaiotza dakarrena. Kolorezko soinekoz jantzitako lore eta zuhaitzek, gure antzera neguko arropa ilunak alde batera uzten dituzte.

Ondoren udara dator, bero handiko sasoia, eta nolako uda aurrekoa gainera... Beroak eta eguzkiak loraldiak geratzen dituzte, udaberriko larre berdeak gorrituz, gure azal zuria gorritu ohi duten bezala. Loreek nektarra isurtzeari uzten diote eta horrek erleentzako lehortea dakar, erlea janari gabe geratzen hasten da eta ur falta antzematen dute.

Uda garaia pasatzerako udazkenaren zain zeuden erleak, baita gutako asko ere, larreak eta giroa freskatu zitezen esperantzan. Udaberrian kolorez beterik zeuden loreak jada gorpuztu ziren, fruitu bilakatzeraino.

Udazkenaren zain, udazkenaren zain, eta ez euri, eta ez udaren azkenik. Nondik elikatu ez zekitela zebiltzan erleak, ez baitzen garaian egon behar zuen loraldi emankorrik. Gu ere tartean ginen, ez genekiela garaira nola egokitu. Beste batzuk aldiz, bukatzen ez zen udaz gozatzen.

Udazkenarekin batera lehen euriteek behar zuten, naturaren zikloak jarrai zezan, fruituak lurrean usteldu, haziak sustraitu eta udazken loreak esnatzeko. Erleek udazken loretan, negurako prestatzen aritu behar zuten garaian, ez zuten prestaketa garairik izan, bukatzen ez zen udan jarraitzen zuten.

Pum! Bazuen garaia neguak agertzeko. Erleak lotara, deskantsura, urte guztiko lanari esker bizirautera.

Neguko hotzak bukatu ziren, epeldu du eta loreak martxan dira. Uda berria, zaharraren modukoa, lehorra! Akazia izango da eskertu duen bakarra.

Hemendik aurrerakoak ez dakizkigu. Momentuz bi urtaroen gainetik salto egin eta uda bete-betera goazela dirudi. Euri faltak berriz ere lehortuko ditu bazterrak.

Hau ez da kasualitatea, zerbaiten errudun gara!