argia.eus
INPRIMATU
Urtaranen gobernuak tokiko merkataritzari laguntzeko funtsak eskatu ditu El Corte Inglés saltokiari obrak ordaintzeko
  • Tokiko merkataritzari laguntzeko dirua eskatu du Gasteizko udal gobernuak Europar Batasuneko berregituratze funtsetatik, hiriguneko azalera komertzial handi batentzako obrak finantzatzeko.

Hala Bedi @halabedi 2021eko urriaren 27a

EAJ eta PSEk kudeatzen duten Gasteizko udal gobernuak iragarri du finantzaketa eskatu duela Europar Batasuneko berregituratze funtsetatik, merkataritza alorreko hainbat proiekturi begira. Funts horiekin ordaindu nahi den bigarren dirusail handiena El Cortes Inglés saltokiarentzako zamalanetarako nasa eraikitzea da, EH Bilduk jakinarazi duenez.

Leap (Jauzi) planaren barruan, Maider Etxebarria buru duen Sustapen Ekonomikorako sailak 1,3 milioi euro eskatu nahi dizkio Europari, argudio gisa jarrita horien bidez "tokiko merkataritza berpiztuko" dela. Diru horren zatirik handiena, milioi bat eurotik gora, "salmenta puntuaren eraldaketa" deitu zaion ekintza multzo bati dagokio. Horietatik 428.000 euro erabili nahi dira El Corte Inglés saltokiak lurperatutako zamalan nasa izan dezan. Gainera, Eusko Jaurlaritzak beste milioi erdi bat euro jartzea bilatzen du udal gobernuak. Orotara, 1,1 milioi euroko finantzaketa publiko zuzena eman nahi zaio merkataritza azalera handi pribatu bati.

Tokiko merkataritzari laguntzeko funtsekin El Corte Inglés finantzatzea justifikatzeko Urtaranen gobernuak eman dituen argudioen artean aipatzen da, besteak beste, ekintzak bat egiten duela Nazio Batuen erakundeak emandako ODS Garapen Jasangarritako bigarren helburuarekin: gosearekin amaitzearekin, hain zuzen.