argia.eus
INPRIMATU
Urtaranen gobernuak LGTBI atalaren %70a murriztu nahi du Gasteizko aurrekontuetan
  • Lumagorri elkarteak ekarpenak aurkeztu dizkio Udalaren aurrekontu-proiektuari, LGTBI politiketan murrizketak saihesteko. "Murrizketetatik babestu beharreko zerbitzua da, are gehiago osasun-, ekonomia- eta zaintza-krisi baten testuinguruan".

Hala Bedi @halabedi 2021eko urtarrilaren 08a

Lumagorri elkarteak hainbat ekarpen egin ditu Udal Gobernuak 2021erako aurrekontu proiektuan proposatu dituen murrizketak saihesteko. Zehazki, sexu- eta genero-aniztasunerako agenda, Ikusgune-Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokia eta Jabekuntza feministarako Eskola biltzen ditu elkartearen proposamenak.

Izan ere, LGTBI politiketara zuzenean bideratutako partidek aurrekontuaren ia %70eko murrizketa izan dute EAJk eta PSEk aurkeztutako aurrekontu-proiektuan. Gainera, murrizketa horri Jabekuntza feministarako Eskolak jasaten duena gehitu beharko litzaioke.

Lumagorrik aurkeztutako proposamenak 2021eko aurrekontu-proiektua 2020koarekin berdintzeko eta hobetzeko eskatzen du. Zehazki, partida hauek aurkeztu ditu elkarteak:

  • Ahalduntze feministarako eskola: 130.000€.
  • Sexu- eta genero-aniztasunerako agenda: 40.000€.
  • LGTBI Behatokiaren hitzarmena: 75.000 €.
  • LGTBI Behatokia: 20.000 €.

«Beharrezkoa da Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzuari giza baliabide eta baliabide ekonomiko

nahikoak ematea. Murrizketetatik babestu beharreko zerbitzua da, are gehiago osasun-, ekonomia- eta zaintza-krisi baten testuinguruan. Beraz, zerbitzu horretara bideratutako partida ekonomiko guztiek, nolanahi ere, igoera bat izan beharko lukete, eta inoiz ez murrizketa bat», adierazi du Lumagorrik ohar baten bidez.