argia.eus
INPRIMATU
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente izendatu dute
  • 401 aldeko boto eta 284 kontrako jaso ditu, baina gehiengoa lortu du 41 botogatik. Hurrengo bost urteetan berriro ere presidente izango da, popularren, sozialdemokraten, liberalen eta berdeen babesa jasota. EH Bilduk kontra bozkatu du, eta EAJk alde.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko uztailaren 19a

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente izango da bost urte gehiago, Estrasburgoko Europako Parlamentuan botoen gehiengoa lortu ondoren. Guztira ziren 707 botoetatik, politikari alemaniar eskuindarrak aldeko 401 boto jaso ditu, kontrako 284 boto, hamabost abstentzio eta zazpi boto baliogabeak izan dira. Gehiengoa 360 bototan zehaztu dute azkenean. Von der Leyenek 2019ko bozketan bederatzi botogatik irabazi zuen, eta aurtengoan 41 botogatik irabazi du.

Botoak anonimoak diren arren, popularrek, sozialdemokratek, liberalek eta berdeek aldez aurretik informatu zuten haien alderdietako eurodiputatuei aldeko botoa emateko agindua eman zietela. Patriots for Europe, Europe of Sovereign Nations eta ezkerrak kontra bozkatu dute, eta kontserbadoreek eta erreformistek, haien eurodiputatuei botorako askatasuna eman diete, nahiz eta adierazi zuten espero zutela gehiengoak kontrako botoa ematea. Giorgia Meloniren Fratelli d’Italia alderdiko iturriek adierazi dute kontrako botoa eman dutela.

EH Bilduk kontrako botoa eman du eta EAJk aldekoa. EH Bilduk arrazoitu du gastu militarra handitzearen aldeko jarreragatik ez dutela bozkatu von der Leyen, eta EAJk adierazi du alde bozkatu dutela, presidenteak ultraeskuineko indarrekin akordiorik ez egiteko baldintzarekin.

Emisioen murrizketa, aire defentsa sistema eta komisario berriak

Aurtengo bozketan alemaniarrak berdeen babesa lortu du. Azken orduan von der Leyenen alde bozkatzea erabaki dute, eskuin muturrak Europako politiketan izango duen eragina murrizteko helburuarekin, eta politikariak agindu dielako Itun Berdean –Europar Batasuna trantsizio ekologikorako bidean kokatzea helburu duena, hemendik 2050era neutraltasun klimatikoa lortzeko– ez dela atzerapausorik egongo EITBk informatu duenez. Von der Leyenek adierazi du 2040rako emisioen %90ko murrizketa behartuko duela legez.

Europar Defentsa Batasuna aldarrikatu du alemaniarrak, eta "Europa babesteko" aire defentsa sistemaren alde agertu da. Mediterraneorako eta etxebizitzarako komisario berri bana eta arrantzaz bakarrik arduratuko den komisarioa izendatuko dituela adierazi du. Von der Leyenek “europar bizimodua” aipatu du: “Ez dut inoiz onartuko demagogoek eta muturrekoek gure europar bizimodua suntsitzea”, adierazi du politikariak.

Uda osoa du presidenteak komisario taldea osatzeko eta bakoitzak izango duen ardura zehazteko.