Ursula Kroeber Le Guin idazle estatubatuarra zendu da, bere familiak iragarri duenez. Nobela eta ipuin askoren sortzailea izan da Le Guin, baina zientzia fikzioan eginiko lanei esker lortu ditu saririk esanguratsuenak.
Terramar fantasiazko nobelen bilduma eta The Left Hand of Darkness dira, besteak beste, Le Guinen lanik ospetsuenak. Bigarrenari esker, Hugo eta Nebula Saria irabazi zuen 1968an. Beharbada, zientzia fikziozko literaturan prestigio handiena duen aitortza da. Bi lanek rol eta estereotipoak hausteko egiten duten lanketa dela eta, eleberri mugarriak dira genero ikuspegiari dagokionez zientzia fikziozko literaturan. Argitaratu zuen lehen eleberria Rocanno's World izan zen, 1966an.
Liburu bati esker lortutako irabazi ekonomikoek ez luketela literaturaren kalitatea neurtu behar aldarrikatu zuen 2014an, Ohorezko Liburuaren Sari Nazionaleko sari banaketetan. “Idazleok, idaztetik bizi garenok, gure lanen irabazietatik dagokiguna eskatu behar dugu, baina gure benetako irabazia ez da ekonomikoa, idaztean sentitzen dugun askatasuna baizik”. Feminista eta klima aldaketaren aurkako ekintzaile bezala, norbanakoaren balioari garrantzia eman behar zaiola azpimarratu zuen behin baino gehiagotan.
Estatu Batuetako Zientzia Fikziozko eta Fantasien Idazle Batzordeak “maisu handia” izendatu zuen 2003an. Zientzia fikziozko esparruaz gain, haur literaturaren baitatik ere aitortza garrantzitsuak jaso zituen Le Guinek. Bestak beste, Newbey Domina eman zioten. Berriki, Estatu Batuetako Letren eta Artearen Akademiako kide izendatu dute. Irabazi ez bazuen ere, Putziler Sarietarako hautagaietako bat izan zen 1997. urtean.
Zientzia fikzioan ohikoak izaten diren borroka espazialak eta errealitatetik harago dauden gertakariak albo batera uzten zituen idazle estatubatuarrak bere sorkuntzan. Auto-ezagutza handiko eta izaera indartsuko pertsonak dira Le Guinen nobeletako protagonistak. Kulturen talkaren bidez sortutako egoeretan bilatu beharreko baliabideek dute pisua bere istorioetan.