argia.eus
INPRIMATU
Urruzunotik etxera
Behe Banda 2024ko irailaren 02a

12:26. Arantza (Nafarroa Garaia) atzean utzita goaz autoan. Bertan pasatako orduak gutxigatik ez dira egun oso bat osatzera iristen. Bertan pasatako orduak mila ere badirela dirudi. Han azken eguna igarotzen gelditu dira Urruzuno literatur lehiaketako hogei irabazleak, idazketak batuta. Aurten 39. edizioa du urtez urte idazle gazteak bakarrik ez daudela konturarazten duen lehiaketak. Kotxeko bozgorailuetatik Nakar taldeak belarrira oihukatzen digu: “Zubi guztiak erreko ditugu, ez itzultzeko”.

Atzeko eskuineko eserlekutik pentsamendu bat: bi urtek dena alda dezaketela. Elkar ezagutzen ez dutenek begirada konplize bat aurkitzen dute horrelakoetan, amankomunean zaletasun bat eta zerbait egiteko nahia besterik ez da behar. Gu ezagutu ginen bezala beste asko ezagutu direla eta agian beste bi urteren buruan haiei ere dena aldatu zaiela konturatuko direla.

Kopilotuari hurrengoa otu zaio: idazketa egonaldi batek gazteei eskaini beharrekoa zer den. Duela 50 urte zegoen egoera soziopolitiko eta ekonomikoan jaio eta hezitako sortzaileen diskurtsoa inbutuz eta behin eta berriz janarazteak badu arrazoi jakin bat: atzo lan egin zutenei esker gaur lanik ez dugula pentsaraztea, atzo lan zail eta gogorra genuela eta gaur egun askoz hobeto gaudela pentsaraztea, gaurko egunarekiko isileko deskonexioa. Gazte horiek istorio ezberdina entzutea merezi dute haien borroka propioari erantzuteko.

Gauza bera pentsatzen ari balira bezala, gidariari zera etorri zaio: gaurkoan egiteko dagoena aurkitzen lagundu dezakeen eskua behar dutela gazte haiek. Hogeitik bakarrak argitaratuko du liburu bat (ziurrenik). Hogeitik bakarra izango da antzerkigile (ziurrenik). Hogeitik bakarrak idatziko du abestiren baten letra (ziurrenik). Baina hogeitik guztiek dute zerbait esateko beharra, horrexek batu baititu Arantzan. Munduak ere badu aldatzeko beharra, eta hogeitik guztien lana da beharrezkoa horretan. Zer egin eta nola, hori Izanen da gakoa.

Atzealdean ezkerretara doanak leihotik baina aurrera begira: iragana iraganean utzi eta etorkizunari begiratu besterik ez zaigu gelditzen. Atzokoaz ikasi bai, baina biharkoa eraikitzeko tresnak ere behar ditugu. Hitzek esanahia duten heinean lagun diezagukete dena aldatzen.

12:51. Nostalgiari su eman bai eta kotxean ihesi goazela konturatu gara. Aurrean dugu, gaur lehen baino argiago, zein den eginbeharrekoa. Aurrera joateko behar nekaezinak kotxea ere hartu duen arte. Korrika, gasolina xahutuz, bidesariei muzin, ondoko kotxeek emergentzia argiak piztuta, ez dago gu baino azkarrago doanik. Frenorik behar dugun ere ez diogu geure buruei galdetu. Istripuz gelditu gara autobidean botata. “Aldareak eraikiko ditugu etorkizunera”.