argia.eus
INPRIMATU
Urrutikoetxearentzako asilo politikoa eskatuko diote Frantziako Gobernuari
  • Josu Urrutikoetxea Espainiara igortzea edo ez trenkatu beharra dauka Frantziako Gobernuak. Urrutikoetxeak Euskal Herriko gatazka politikoaren konponketaren alde egindakoa oroitarazirik, babes politikoa bideratzea eskatuko diote Frantziako Gobernuari. Pauso hori eta orobat preso politikoaren egoera judizial eta politikoa azaldu dute goizean Miarritzen, prentsaurreko bidez.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2020ko urtarrilaren 24a
Josu Urrutikoetxea, Egoitz semea ondoan duela. Zigorraldi pasa ostean.

“Judiziala baino gehiago kasu politikoa da Josu Urrutikoetxearena”, Laurent Pasquet-Marinacce abokatuaren arabera. Eta politikoa den heinean erantzun politiko bat eman behar zaiola gehitu du. Urrutikoetxearen abokatua da Pasquet-Marinacce eta prentsaurrekoa eskaini du goiz honetan Miarritzen. Bere ondoan egon dira Andy Carl bake prozesuetan aditua dena, Thomas Lacoste “Euskal Herria eta bakea, bakerantz daraman bide luzea” ("Pays Basque et liberté, un long chemin vers la paix") dokumentalaren egilea eta Egoitz Urrutikoetxea, Josuren semea.

Espainiara estraditua izateko arriskua du Urrutikoetxeak, Euskal Herriko gatazka politikoa konpontzeko helburuz Genevako zein Osloko negoziaketetan ETAren ordezkari gisa parte hartu zuenak eta gaur egun Parisko La Sante-ko kartzelan preso dagoenak. Hori dela eta, asilo politikoa eta babesa eskatuko diote Frantziako Gobernuari. “Oso inportantea da alde humanitarioa kontuan hartzea, bake prozesuetan Josuk ukan duen rola ulertzeko, (…) bake prozesuen baitan egin duen lan guztia eskertzekoa da”, Carlen hitzetan.

Argi utzi dute estradizio eskaera horri dagokionez, Frantziako Gobernuak bere ardurei begiratu eta erabaki politiko bat ukanen duela hartzeko. Hain zuzen, urtarrilaren 8an espainiaratzearen alde agertu baldin bazen ere Frantziako Dei Auzitegia, orain dekretu bidez argituko beharko du bere postura Parisek: Urrutikoetxea Espainiaratzea ala ez. Paraleloki, helegitea jarria du defentsak Parisko Kasazio Gortean.

Josuren semeak oroitarazten duenez, negoziaketetan parte hartu ahal izateko, babesa eta immunitate diplomatikoa eskaintzea eskatu zien Espainiako Gobernuak berak Suitza eta Norvegiari. Frantziako Gobernuak hartu azken erabakiekin (Urrutikoetxearen atxiloketa eta kartzelaratzea) nazioarteko protokolo horiek urratuak direla deitoratu dute prentsaurrekoan. Horrek “intseguritate juridikoa” sortzeaz gain, “oinarrian zegoen konfiantzaren urraketa” dakarrela argi utzi dute. Orain arteko posturan jarraitzeak dakarren arriskua ere oroitarazi dute: “Aurrekari larria sortzen ari da Frantziako Gobernua: konpontzeke dauden gatazkei buruzko negoziazioetan parte hartu behar duten pertsonen segurtasuna bermatzerik ez baldin bada, nola pentsa daiteke aterabiderik lortu ahalko denik?”

Parlamentarien bisita

Frantziako senatari eta diputatuek bisita bat eginen diote Urrutikoetxeari ondoko asteetan. Baimenen prozedurak hori beharturik, talde tikia izanen da, baina joera politiko ezberdinez osaturikoa. Bisitan egonen ez diren beste parlamentarien sostengua ere ordezkatuko du taldeak. Horrez gain, Frantziako Legebiltzarrean ere hitza hartuko dute gobernuari bere postura argitzea eskatuz.

Eri, ospitalera zihoala atxilotu zuten Urrutikoetxea 2019ko maiatzaren 16an, Sallanchesen, Frantziako Savoia Garaia eskualdean. Geroztik preso segitzen du. ETAren desegitearen agiria irakurri zuen kideetako bat izan zen, 2018ko maiatzaren 3an.