argia.eus
INPRIMATU
Urrutikoetxea Espainiaratzea onartu izana salatu dute EH Bai eta EH Bilduk
  • Parisko Dei Auzitegiak ontzat eman du herriko tabernen auzian Espainiako Auzitegi Nazionalak Josu Urrutikoetxearen kontra luzaturiko euroagindu eskaera. Kasazio Auzitegira joko dute erabaki horren kontra. Alaitz Aramendiren kontrako euroagindua ere azterturik, erabakia azaroaren 4an jakinaraziko dute.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 01
Josu Urrutikoetxea (argazkia: Gari Garaialde

"Euroaginduaren eskaera zein onarpena eskema zaharretan oinarritua dagoela uste dute, Euskal Herria iraganean eta mendekuan oinarritutako logikan kateatzeko borondatea adierazten duelako", irakur daiteke EH Bai eta EH Bilduk elkarrekin idatzitako agirian. Josu Urrutikoetxea preso ohiaren aurkako euroaginduaz ari dira.

Hain zuzen, Parisko Dei Auzitegiak ontzat eman zuen irailaren 30ean herriko tabernen auzian Espainiako Auzitegi Nazionalak Urrutikoetxearen kontra egindako euroagindu eskaera. Kasazio Auzitegira joko dute erabaki horren kontra.

Horrez gain, Luis Herguetaren hilketagatik Espainiak eginiko estradizio eskaera ere aztertu zuten irailaren 30ean eta eskaera onartzearen alde agertu da fiskaltza. Horri dagokionez, azaroaren 18an emanen dute erabakia.

Erabakiak gogorki salatu dituzte ezkerreko koalizio abertzaleek: "Euskal preso politikoen egoerari aterabide global baten baitan pauso berriak emateari uko egitea ez da inolaz ere onargarria".

Alaitz Aramendiren kontra ere

Irailaren 30ean aztertu zuten Alaitz Aramendi preso politiko arabarraren kontrako euroagindua ere. Frantziako Justiziak presoaren espainiaratzea onartzen ote duen jakingo dugu azaroaren 4an.